1. fasea. Analisia eta diagnostikoa

Garagardotegi zaharraren erabilera berrietarako diseinu kolektiboa

Duela zenbait egun iragarri moduan, abian jarri da ‘Thinking Fadura. Getxoko Kirol Parke Berria’ proiektua; hau da, Fadurako polikiroldegia eta ingurunea berriz diseinatzeko Getxo Kirolakek bultzaturiko parte-hartze prozesua, hiriarentzat irekitako kirol-parke berria sortze aldera.

Thinking Fadura proiektu orokorraren lehen jardueretariko bat da Garagardotegi zaharra birgaitzeko eta hobetzeko jarduera espezifikoa. 2016ko otsailean izandako sutearen ondorioz, kalte handiak izan ziren higiezinaren barnean nahiz egituran.

Modu horretan, lehen jardueran, baterako diseinuaren prozesu espezifikoa jasotzen da. Hiru tailer presentzial egingo dira espazioa azken urteetan erabili duten agente ezberdinekin. Topaketa horien helburua da premiak ezagutzea eta lekuak etorkizunean izan ditzakeen aukerak identifikatzea. Ondoren, Garagardotegi zaharra behin betiko birgaitzeko aurreproiektua egingo da, eta hori ekainean aurkeztuko da.

Lehen bi tailerrak martxoan eta apirilean egin dira Fadurako Txiki-Gunean; horietan izan dira Getxoko udalerriko taldeak Garagardotegiaren iragana eta hiriarekin duen harremana aztertzeko. Aurrez eskatutako argazki batzuei eta parte-hartzaileek egindako memoriari esker, aurreko urteetako bizipenak ez ezik, gaur arte emandako funtzionamendu eta erabileraren aldetik dauden oroitzapenak ere berreskuratu ahal izan dira. Zalantzarik gabe, gehien aipatu den haurtzaroko oroitzapena familiarekin Garagardotegiko oilasko-dendara egindako irteerak izan dira.

Era horretan, oroitzapen horien eta iraganeko beste batzuen eta oraingo erabileren artean, gaur egun egiten ari diren jarduerekin etorkizunean egin daitezkeenak aztertzen jarraitzen dugu. Egungo eta etorkizuneko jarduera horiek bost gai-eremutan biltzen dira:

  • Gizarte eta kirol topaketa: hirugarren denbora (errugbi-topaketak), kirola egiteko geratzeko puntua, sarien banaketa, kluben urteroko batzarrak, skate park, kirol eta dibertsitate funtzionala, udalerriko eskolen arteko harremana,…
  • Gastronomia: barbakoak, ‘marmitakoak’, parrilada, kluben bazkariak, produktu ekologikoa, elikadura osasungarria,…
  • Hezkuntza eta prestakuntza: arrantza-tailerrak, hitzaldiak, urpeko igeriketako prestakuntza, musikarien profesionalizazioa, ingurumen-arloko hezkuntza, prestakuntza-gela,…
  • Turismoa eta ekintzailetza: ekitaldiak, hiriko ibilaldiak, azoka txikiak, bidaia eta urperaketa planak, kirol-jardueren salmenta,…
  • Aisia eta kultura: erakusketak, bideoteka, xakea, dantza sozialak, jaiak, eskolaz kanpoko jarduerak, musika-jaialdiak, nerabeen arteko topaketak, emanaldiak, aire libreko antzerkia,…

Aldi berean, tailerretan erabilerarako proposaturiko premiak artatu ahal izango dituen diseinu arkitektonikoa nolakoa izan daitekeen pentsatzen ari gara, espazioa iraunkorra, malgua eta inklusiboa izan dadin, Getxoko udalerriko talde ezberdinek erabil ahal izateko.

Maiatzaren amaiera aldera, hirugarren eta azken tailerra egingo da, etorkizuneko Garagardotegiaren diseinua xehetasun handiagoekin sakontzeko. Bildutako dokumentazio guztia nahiz lehen esku-hartze honen emaitzak eta ondorioak web orrialde honetan eta sare sozialetan argitaratuko dira, #ThinkingFadura etiketarekin.
Sarean jarraitzen dugu!

[FAG id=2456]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.