Joan den urriaren 7an, Fadurako frontoien etorkizuneko eraikinari buruzko parte-hartze prozesuaren lehen lan-saioa egin zen TikiToki Zentroan. 30 lagun inguruk parte hartu zuten topaketan, etorkizuneko ekipamenduaren beharrak identifikatu eta kontrastatzeko eta eraikina eraberritzeko aurreproiektua gidatuko duen programa zehazten aurrera egiteko.
Ekainaren 25eko informazio-saioan azaldu zen bezala, lana ez zen hutsetik abiatu. Saioan, 2019ko prozesuan jasotako ekarpenak hartu ziren erreferentziatzat, baita azken hilabeteotan Zeugaz plataformaren, Thinking Fadura blogaren eta posta elektronikoaren bidez jasotako 70 proposamen baino gehiago ere.
Lehen zatian, parte-hartzaileak taldeka aritu ziren lanean, beren jarduerak garatzeko beharrezkoak diren espazio-baldintzak eta baldintza tekniko eta funtzionalak identifikatzeko. Hainbat arlotako beharrak landu ziren: kirol-modalitate tradizionalak eta erraketakoak; gurpilen gaineko jarduerak eta irristatze-jarduerak; borroka-kirolak eta arte martzialak; adierazpena eta mugimendua; mahai-tenisa eta eskalada; erabilera anitzeko espazioak eta diziplina berriak.
Bigarren dinamikan, eraikinaren funtzionamenduarekin lotutako gaiak landu ziren. Besteak beste, garraio publikoa eta sarbideak hobetzea, bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzea, oztopo arkitektonikoak kentzea eta kirol-materiala garraiatzea erraztea proposatu zuten. Itxaroteko espazio komunak, kafetegi bat eta seinaleztapen argiagoa ere eskatu zituzten. Ezinbestekotzat jotakoen artean, sarbideak kontrolatuta egotea eta bertan langileek arreta ematea nabarmendu ziren, baita ordena, garbitasuna eta kluben nahiz jardueren arteko bizikidetza ona ere.
Ekarpenek agerian utzi zuten eraikinaren etorkizuna ez dutela kirol bakoitzaren beharrek bakarrik baldintzatzen; abonatuek, kirolariek, haiekin joaten diren pertsonek eta gainerako erabiltzaileek eraikina nola erabiltzen eta partekatzen duten ere funtsezkoa dela. Ekarpen horiek guztiak antolatzen ari dira, Faduran egiten diren jardueren eta dauden beharren aniztasunari erantzungo dion ekipamendua zehazten aurrera egiteko.
Orain, Getxo Kirolak erakundeak proposamenen tarteko balorazioa egin beharko du, haien bideragarritasuna zehazteko, bigarren lan-saioa egin aurretik. Saio hori urriaren 21ean, asteazkenean, 19:00etan, TikiToki Zentroan izango da. Bertan, lehen kontraste horren emaitzak partekatuko dira, eta oraindik gehiago zehaztu, ñabartu edo lehenetsi behar diren beharrak lantzen jarraituko da.
Ez da beharrezkoa urriaren 7ko saioan parte hartu izana hilaren 21eko saiora joateko. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa pilotan aritzea edo kirol-klub bateko kide izatea ere. Frontoien eraikinean entrenatzen baduzu, bertako instalazioak erabiltzen badituzu, norbaiti lagun egitera joaten bazara edo bertako espazioak ezagutzen badituzu, zure esperientzia ere garrantzitsua da eraikinak etorkizunean nola funtzionatu beharko lukeen zehazteko. Horregatik, Getxo Kirolak-etik bereziki animatu nahi ditugu oraindik parte hartu ez duten abonatuak eta erabiltzaileak hurrengo topaketara etortzera.
Parte-hartze fase hau amaitutakoan, Getxo Kirolak-i egokituko zaio emaitzak alderdi teknikoei, antolaketari eta aurrekontuari dagokienez baliozkotzea, etorkizuneko aurreproiektua lantzen aurrera egin aurretik.
