2. fasea. Parte-hartzearen diseinua

Dagoeneko 350 pertsonak parte hartu dute thinkingFaduran

350 lagun inguruk parte hartu dute dagoeneko Fadurako instalazioak diseinatzeko eta aldatzeko prozesuan. Espazio publiko berria antolatu nahi da, non bi eremu desberdin batuko diren: sarrera libreko parke bat eta Getxo Kirolakeko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak.

thinking Fadura ekimenaren bigarren fasea apirilaren amaiera aldera jarri zen abian, eta, horrez geroztik, sormen kolektiborako tailerrak antolatu dira, Getxo Kirolakeko langileekin, abonatuekin, kirol-klubekin eta unibertsitatean ikasteko adina duten ikasleekin. Tailer horien helburua izan da kirol parke berriaren inguruko premiak eta aukerak detektatzea. Tailerretan 185 pertsonak hartu dute parte, modu presentzialean. Beste 165 pertsonak, berriz, modu digitalean hartu dute parte, plataforma digitalaren bitartez alegia. Orain arte, tailerretan zuzenean parte hartu duten gehienak gizonezkoak izan dira, baina tailer digitalean orekatuagoa izan da gizon eta emakumeen partaidetza.

Ideia batzuk eta hurrengo hitzordua

Parte hartu duten pertsonen interesa piztu duten gaien lehen berrikuspen bat eginez gero, instalazioak oro har hobetu beharra dagoela ikusi da. Zehazki, padelean eta tenisean jokatzeko estalitako pista gehiago eskatzen da, kirol anitzeko espazio estaliak, eta, kirol klubei dagokienez, materiala gordetzeko guneak. Parke publikoaren inguruko proiektua dela eta, parte hartu duten gehienak egitasmoaren alde agertu dira, baina oso garrantzitsua iruditzen zaie segurtasun estrategia on bat abian jartzea, aldi berean oso inbaditzaile izango ez dena kirola praktikatzeko instalazioetan. Halaber, ibaiari protagonismo handiagoa emateko aukera ikusi da; hots, ibaiaren ondoan parke bat egokitzea, entrenamenduak eta running egiteko lursail biguneko zirkuituekin.

thinking Fadura-ren hurrengo hitzordua ekainaren 7an izango da, osteguna, 19:00etan, Fadurako Txikigunean (igerilekuen eraikinean). Getxoko herritar guztiei gonbita luzatzen zaie saio horretan parte hartzeko, erabilera publikoa izango duen parke berrirako premiak jasotzearren. Era berean, modu digitalean parte hartzeko plataforma aukera dago eta prozesua sare sozialetan jarrai daiteke #thinkingFadura etiketarekin.

Sartu parte hartzeko plataformara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.