Fadurako frontoien eraikinaren egitura indartzeko lanak abuztuan hasi ziren, eta erritmo onean doaz aurrera. Eraikina finkatzeko lanak 2,3 milioi euro inguruko kostua du, maiatzean bukatzea aurreikusten da eta egituretan espezializatutako bi ingeniaritza ospetsuk egindako proiektu teknikoa du abiapuntu. Obra hau aldez aurreko funtsezko urratsa da eraikinaren barrualdea osorik eraberritu eta ekipamenduak eguneratu aurretik. Kontuan izan behar da 1973. urtean eraiki zela, eta gaur egungo kirol-beharrak garai hartakoetatik oso ezberdinak direla, baina proiektu handi horri aurre egin ahal izateko, ziurtatu behar dugu eraikinaren egitura eta kokalekua erabat seguruak direla.
Esku-hartzearen bidez, metalezko koroa bat jarriko da, egungo estalkiaren azpitik eraikineko hormen 320 metro linealak inguratuko dituena, gerriko gisa, kontrahorma gisa funtziona dezan eta eraikinaren egiturazko egonkortasuna ziurta dezan. Metalezko egituraz gain, estalkiari eusten dion barruko zutabe bat sendotzea eta hormigoizko perimetro-hormak nahiz kanpoko sarbideetako eskailerak birgaitzea ere sartuko dira lanetan.
Erreformak irauten duen bitartean, zati handiena eraikinaren kanpoaldean egiten denez, erabiltzen jarraitu ahal izango da, erabiltzaileentzat ia eraginik sortu gabe; horrela, aldizkako analisi-sistema ezarriko da, zehazteko planteatutako konponbideak ahalik eta epe laburrenean ematen duela espero den emaitza.
Thinking Fadura instalazioak eraldatzeko eta hobetzeko prozesuaren testuinguruaren lehen partaidetza-fasean jaso zen bezala, zeinetan 2.000 pertsona inguruk hartu zuten parte, aurreikusita dago eraikinak erabilera berriak hartu ahal izatea; horrela, abonatutako pertsonen, kluben eta herriko kirol-elkarteen lehentasunei erantzun ahal izango zaie.