Duela egun batzuk, Getxoko jende gazteenarekin elkartzeko topaketa bat antolatu genuen, parte hartzeko formatu erakargarriarekin, haien gustuekin ongi konektatzeko, tarte entretenitua eta ludikoa igarotzeko eta, aldi berean, Fadurako kirol-parkea eraikitzeko prozesurako informazio oso baliagarria biltzeko helburuarekin. Modu horretan, yinkanaren bitartez, ideia oso interesgarriak egiaztatu eta jaso ahal izan genituen, ondoren post honetan argitaratu genituenak.
Udalerriko herritar guztiek parte hartzeko bide honetatik jarraituz, uztailaren 9an 3 eta 15 urte arteko neska-mutilengana hurbildu ginen, hots, Getxo Kirolakek antolatutako udako jarduerak egiten dituztenengana; hala nola, Gran Slam —49 parte-hartzaile, 8 eta 15 urte artekoak—; Kiroletan —50 parte-hartzaile, 9 eta 12 urte artekoak—; Udajolasean —70 parte-hartzaile, 6 eta 8 urte artekoak—; eta Jolasketan —49 parte-hartzaile, 3 eta 5 urte artekoak—.
Gran Slam, Kiroletan eta Udajolasean kirol-zonaren kanpoko barrutian barrena paseatzera gonbidatu genituen, kontuan izanik ibilbidea oso inspiratzailea dela ariketa honetarako. Jolasketan-ekoei, txikienei, ordu batzuetan arkitekto izateko eskatu genien eta parkean eta kirol-instalazioetan, haien ustez, konpondu edo berria egin beharreko hura marrazteko.
Goiz osoan lanean aritu ondoren, zer-nolako premiak eta aukerak detektatu ote zituzten Getxoko haurrek? Aurrera dezakegu ekarpenak jatorrak, iradokitzaileak eta freskagarriak izan direla.
Parkeari dagokionean, udalerriko txikienek uste dute bizikletak aparkatzeko gunea hobetu behar dela, zebra-paso gehiago jarri behar direla, parkea irekita utzi behar dela hesirik gabe, barrutian iturriak jarri behar direla, paperontzi gehiago jarri, zabuak jarri behar direla edo wifia denentzat irekia. Instalazioei dagokienez, beharrezkotzat jotzen dute itoginak konpontzea, aldagelak eta komunak hobetzea, padeleko eta ping-pong-eko pistak egokitzea edo aire libreko igerileku gehiago jartzea.
Horrez gain, pentsatzen dute kirol-parke berriaren diseinuak aukera eskaintzen duela ondorengoak jartzeko: tirolinak, rokodromoa, txirristak uraren eta jolasen zonan, puzgarriak, izotz gaineko patinajerako pista, errusiar mendia, sokasaltoan ibiltzeko lekua, izozki-postuak, zaldi-lasterketak egiteko lekua edo kanpatzeko eta naturaren inguruan ikasteko espazioa. Aire libreko igerileku gehiago izatearen eta tirolinak, txirristak eta jolasak jartzearen gaineko proposamenak 3 eta 5 urte arteko neska-mutikoek egin dituzte.
Eta parkerako erabilera berrien inguruan zer esan dute? Ideia mordoa sortu dira: behatoki astrologikoa jartzea, animaliak entrenatzeko eta zaintzeko lekua, urpean igeri egiten ikasteko eskola, robotika edo app-ak ikasteko zentroa, bolatokia, legorekin ikasteko eta jolasteko tokia edo mediku-zentroa.
Herritarrentzat irekitako azken topaketa honekin amaiera emango diogu, premiak eta aukerak bilatze aldera, parte hartzeko egindako prozesuaren lehen zikloari. Abuztutik aurrera eta irailera bitarte, kirol-parke berria berriro diseinatzeko proposamen zehatzak jasotzeko denboraldia izango da.
Irailaren 20an egingo den saio batean, prozesuan parte hartu duten talde eta pertsona ezberdinekin batera elkartuko gara, era presentzialean, entzuteko fasean bildutako informazioa egiaztatu eta Fadurako parke berria diseinatzeko ideiak eta proposamenak jasotzeko. Zure zain izango gara! Zure lankidetza funtsezkoa da Faduraren etorkizunerako.