2. fasea. Parte-hartzearen diseinua

Getxoko gazteek thinking Fadura yinkanan parte hartu dute

yinkana thinking Fadura

Getxoko gazteek asko dute esateko udalerriaren inguruko gaiei dagokienean, eta, jakina, etorkizuneko kirol-parkeari dagozkien gaien inguruan ere bai. Gazteengana hurbiltzeko asmoarekin, parte hartzeko formatu erakargarria sortu nahi izan dugu, publiko horrekin ondo konektatu ahal izateko, tarte entretenigarria eta ludikoa igarotzeko eta, aldi berean, kirol-parkea Getxoko herritarrekin eraikitzeko prozesurako informazioa oso baliagarria biltzeko.

Premisa horiek kontuan hartuta, pasa den ekainaren 28an yinkana antolatu genuen Faduran, eta 11 eta 16 urte arteko 11 lagunek parte hartu zuten: sei neskak eta bost mutilek.

Yinkanan, bi proba gainditu behar zituzten aurreproiektuaren diseinuan kontuan izan beharreko premiak eta aukerak in situ identifikatzeko: bata parkean egin zuten (gune hori irekita geratuko da herritar guztiek erabiltzeko eta gozatzeko), eta bestea kirol-instalazioetan. Hiru taldetan banatu ziren, eta bakoitzak ordu erdiko tartea zuen ibilbideari hasiera eman eta proba bakoitza amaitzeko. Guztira, ordubete izan zuten. Ondoren, Txikigunera joan behar zuten emaitzen berri ematera.

Modu dibertigarrian egiaztatu eta jaso ahal izan genituen parkeari buruzko ideia oso interesgarriak; esate baterako, skate pistak jartzea, piknik eta barbakoarako eremuak, bizikletentzako zirkuitua, barrutira sartzeko zebra-bideak hobetzea, Iturgitxitik sarrera berria egitea edo bainuak eta haurrentzako zona hobetzea, beste batzuen artean. Halaber, gazte-taldearen ustez, parke berriak aukera eman behar du teniseko pistak estaltzeko, estali gabeko pilotalekuak jartzeko, igerilekuetan txirristak jartzeko, olatudun igerilekua egiteko, ibaiaren inguruko zonan haurrentzako parkea edo aire libreko gimnasioa diseinatzeko, e.a.

Aldi berean, kirol-instalazioei dagokienez, parte-hartzaileek ondorengo premiak ikusi dituzte; hala nola, footing egiteko zirkuitua edo squash pista, parkean iturri gehiago jartzea, segurtasun-sistemak hobetzea bizikletak ez lapurtzeko edo atletismoko zelaia ez lokazteko neurriak hartzea. Aukera ezberdinak aipatu dituzte: aire librean judoa edo yoga egitea, erabilera anitzeko eremu estalia izatea, krioterapiako gela edo mini golfa jartzea edota armairuetan txanponak erabili ordez, txartela erabili ahal izateko sistema bat aztertzea.

Azkenik, espazioaren barneko erabilera berrien inguruan proposamen hauek egin dituzte gazteek: aire librean ikasteko zona bat jartzea, elikadura osasungarriko postuak izatea, mugikorrak kargatzeko zonak eta indar handiko wifia parke osoan, fisioterapiako zentroa irekitzea, dronak erabiltzeko zirkuitua diseinatzea edota robotikako, ingurumena zaintzeko edo bide-heziketari buruzko tailerrak programatzea.

Ikusten duzun moduan, gazteengandik eta Getxoko beste pertsona eta taldeen eskutik ideia ugari eta askotarikoak jaso dira; aurreko artikuluetan zenbait ideia aldera ditzakezu. Halaber, gogoratzen dizugu oraindik ere parte har dezakezula plataforma digitalean. Apirilaren amaieraz geroztik, 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu du parte hartzeko prozesuan. 200 batek era presentzialean egin dute eta gainerakoek plataforma digitalaren eta galdetegien bitartez. thinking Faduran aintzat hartzen zaitugu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.