Getxo Kirolak-ek petankan jokatzeko bi pista estreinatu ditu Fadurako kiroldegiaren kanpoaldean. Ekipamendua 15.000€ pasatxoko inbertsioa izan da, eta udalerriko adinekoek egindako eskaera baten ondorioz sortu da. Hala, kiroldegia eraldatzeko eta hobetzeko Thinking Fadura prozesuaren testuinguruan, kolektibo horrekin batera lan egin da, haien beharrei erantzuteko eta espazio publikoen diseinuan parte-hartze aktiboa sustatzeko.
Inaugurazioan, Amaia Aguirre Getxoko alkateak eskerrak eman dizkie “adinekoen elkarteei, pistak eraikitzeko orduan Getxo Kirolak-i eskaini dioten inplikazioagatik eta laguntzagatik. Badakigu gure udalerria erreferente bat dela zahartze aktiboarekin eta jarduera fisiko osasungarriarekin zerikusia duen guztian. Pista berri hauek adinekoei zuzendutako ekipamenduei gehitzen zaizkie, baina getxotarren belaunaldien arteko topaketa indartzen ere lagunduko digute, beste leku askotan gertatzen den bezala, petankak adin ezberdinetako pertsonak ere erakartzen dituelako“.
Hareazko bi pistak (15 metro luze eta 4 metro zabal) Fadurako kanpoaldean daude, kanpoko kiroldegien ondoan. Instalazio berri honetatik hurbilen dauden sarbideak TikiToki Zentroaren ondoan dagoena eta duela gutxi Maria Ibarra plazaren aurrean ireki dena dira. Getxo Kirolak-eko abonu-txartelarekin sartzea beharrezkoa ez den parkeko gune batean dagoenez, interesa duten guztiek ekipamendu horretaz libre eta doan gozatu ahal izango dute.
Jarduera hori aire zabaleko eremuak antolatzeko proiektu orokorraren barruan dago. Proiektu horren helburua parkeko kanpoko espazioak antolatzea eta aktibatzea da, eta, horretarako, haien diseinua natura integratzera, ingurunearekin konektatzera eta ekipamendu egokien bidez jarduera fisiko osasungarria sustatzera bideratzen da.
