1. fasea. Analisia eta diagnostikoa

Getxo Kirolakek parte hartzeko prozesua abian jarri du Faduran kirol-parkea diseinatzearren

Getxo Kirolakek ‘Thinking Fadura’ abian jarri du; hau da, Fadurako kirol-instalazioak aldatzeko eta espazio publiko berria diseinatzeko herritarrek parte hartuko duten prozesua. Espazio publiko horretan, sarrera libreko parkea eta Getxo Kirolakeko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak egongo dira.

Fadurako egungo kirol-hiria -Gobela ibaiak zeharkatzen duena- ibaiaren ibilgua egokitzeko eta aurrez gertatutako uholdeak berriro ez errepikatzeko Uraren Euskal Agentziak (URA) burututako jarduera-multzoaren azken fasean aurkitzen da. Kirol-gunean aldaketa garrantzitsuak egitea espero da; beraz, aukera paregabea da zona guztia berriro hausnartu eta hobetzeko eta Getxon kirol-jarduera, bizi-kalitatea eta ohitura osasungarriak hartzea bultzatzen jarraitzeko.

Fadurako kirol-parke berria hiriko gainerako ingurunearekin konektatuta dago, eta kirolaren eta ongizatearen inguruan ekonomia iraunkorra garatzeko palanka moduan espazioa lantzeko aukera ere eskaintzen du.

Herritarrentzako gonbidapena

‘Thinking Fadura’ prozesuak diagnostikoa egiteko lehen fasea abian jarriko du ekainera bitarte, eta, bertan, agente giltzarriak identifikatu eta haiekin harremanetan jarriko da -Getxo Kirolakeko abonatuak eta erabiltzaileak, klubak, kirol-elkarteak, herritarrak eta jarduera fisikoarekin eta ongizatearekin loturiko enpresak-, eta, ondoren, Fadurako parkea berriz diseinatzeko parte-hartze prozesuan sartuko dira.

Abuztutik aurrera, berriz, bigarren fasea abian jarriko da, eta agente horiei deia egingo zaie prozesu ireki horretan parte hartzeko, topaketak, tailerrak eta elkarrizketak eginaz espazio ezberdinetan (presentzialak eta digitalak). Pertsona interesatu guztiei parte hartzeko aukera emango zaie haien aukeren, premien eta kezken arabera. Gainera, topaketa horiek guztiek aztarna irekia eta gardena utziko dute web honetan nahiz Getxo Kirolaken sare sozialetan.

‘Thinking Fadura’ prozesuak udalerriko herritarrak inplikatzea nahi du parkearen etorkizunaz eta hiri-ingurunearekiko harremanaz hausnarketa kolektiboa, kritikoa eta eraikitzailea egiteko. Hori dela-eta, arreta berezia eskainiko zaie kirolean normalean gutxien ordezkatutako taldeei, eta kontuan hartuko dira generoaren, kulturartekotasunaren eta dibertsitate funtzionalaren inguruko ikuspegiak. Era berean, aintzat hartuko da kirol-sektorearen eta ongizatearen potentziala, ekonomiaren ekarle gisa. Herritarrek parte hartzeko prozesuan zehar jasotako ekarpenei erreparatuta, Fadurako parke berriaren paisaia eta hiri antolamenduaren aurreproiektua egingo da.

Getxo Kirolakek ‘Thinking Fadura’ prozesuan parte hartu nahi duten pertsonak animatu nahi ditu thinkingfadura@getxo.eus posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzera eta sare sozialetan parte hartzera #ThinkingFadura etiketarekin; horren bitartez, prozesuaren garapenaren jarraipena egin ahal izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.