Getxon aparteko lekua dugu, eta zaindu egin behar da
Jon Ortega Etcheverryk irrikaz hitz egiten du Fadurako kirol-parkeaz. Zerbaitegatik, zortzi urte zituela, Javier Ortega Uribe-Echevarria aitari laguntzen zion garai hartan Fadurako kirol-hiri berriaren obra bisitatzera. Hil berria den arkitekto ospetsuak arkitektura gizartea aldatzeko motore bezala ulertzen zuen. 70eko hamarkadan, kirolerako eta arlo sozialerako zeuden ekipamenduen eskaintza eskasa hobetzen ahalegindu zen, Europako joerak berdinduaz eta, horrela, honako hauek bezalako proiektuak garatu zituen: Artxandako Kirol Gunea (Bilbo), Fadurako Kirol Hiria (Getxo) edo Mendizorrotzako Pilotalekuen Gunea (Vitoria-Gasteiz), besteak beste.
Jon Ortegak, haren semeak, arkitektoak, getxotarrak eta Fadurako erabiltzaileak, kirol-parke berriaren iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko alderdi nagusiak errepasatuko dizkigu.
Jon, zer-nolako oroitzapenak dituzu Faduraren inguruan urte hauetan guztietan?
Nire aitak Fadurako parkea proiektatu zuen 1972. urtean; gogoratzen dut askotan laguntzen niola obra bisitatzera eraikitzen ari zirenean. Garai hartan, 30. bazkidea ginen. Fadura txiki-txikitatik bizi izan dut, baita Garagardotegiaren garaia ere —udan bazkaltzera joaten ginen—, igerilekuetara egindako lehen irteerak, ostiraletan pilota-partidak Jai Alain, pilotalekuetan egiten zen kontzerturen bat edo aparkalekuan jartzen zen Getxolandia. Nire semea jaio zenean, Fadurara etortzen ginen tenisean jolastera eta ingurune seguru eta osasuntsuaz gozatzera, ez baita inoiz lekua jendetsua izan. Izugarri gustatzen zitzaidan arratsaldea bertan igaro eta parke guztia guretzat bakarrik zela geratzen ginenean.
Fadura une interesgarrian sortu zen, frankismoaren azken garaietan; hirigintza-plangintzaren inguruan oraindik ez zegoen gehiegi legeztatuta. Mirariaren antzeko zerbait izan zen; kiroldegi ugari egin dira baina bakar bat ere ez Europako erdialdeko herrialdeetako espazio ohikoenen eskuzabaltasunarekin, espazio handia, ludikoa eta ongizatea sortzen duena izanik. Gaur egun, ezin izango zen egin. Kontuan izan behar dugu Getxon aparteko lekua dugula, eta zaindu egin behar dugula. Orain Fadura eraitsiko balukete, ez ligukete utziko berriro eraikitzen. Beraz, aprobetxatu behar dugu.
Nola imajinatzen duzu Fadurako kirol-parke berria?
Parke berriak hasierako Faduraren asmoari heldu behar dio. Niretzat, Fadura zibilizazioa da, gorputz osasuntsuan buru osasuntsua izatearen utopia da, kirola eta gorputza jarduera intelektualarekin batzeko grekoengandik datorkigun ideia. Horrela planteatu zuen nire aitak; gainera, ideia bat zen Fadurak liburutegiak izatea binomio hori uztartzeko, kirola kultura bezala, jarduera fisiko bezala eta ez soilik lehiaketa bezala bultzatuaz. Gauza zen Faduran sartzea gaur egungo kultura-gelak, erretiratuen etxeak edo garai hartan existitzen ez ziren bestelako ekipamenduak. Aurrekariak badira; esate baterako, terma erromatarrak, gimnasioa eta liburutegia barruti berean zutenak.
Erabiltzaileei ondorengo galderak egin behar zaizkie: zure ustez, Fadurak zer eskain diezazuke? Eta, batez ere, Faduran sar genezakeen zer egiten duzu kanpoan? Ideia horiek guztiak berriz hartu eta zuzendu daitezke, funtzionatzen duena aprobetxatu, hobekuntza txikiak sartu eta parke berrian nahastu, kontuan izanik garrantzitsuena izan badugula; hau da, espazio fisikoa, normalean urri izaten dena. Gainera, ideia aberats dezakegu; esate baterako, kulturartekotasunaren ideia orduan ez zen planteatu, baina oso ondo egiten du bat harmonian bizitzearen zibilizazio izpirituarekin. Talde ezberdinak erakartzeko gai bagara, talde horiek elkarren artean erlazionatuko dira. Nahi duguna amets dezagun; hori egin ahal izateko laborategia izan badugu.
Gobela ibaia, Fadura ingurunean, mehatxua izatetik Getxorako aukera izatera iritsi daiteke?
Pentsatzen dut jada kontrolpean egongo direla ur-goraldiak, baina Gobela ibaian ur-goraldiak baldin badaude, Gobela ibaiko ur-goraldiekin batera bizi gaitezen. Eskandinaviako herrialdeetan, adibidez, izozteekin bizi dira; errepideak urtetik urtera izoztu egiten dira, eta izotzaren gainetik dauden errepideak eraikitzera iristen dira. Ingurunera egokitu behar dugu. Gobela ibaia aukera izan daiteke espazio are bereziagoa egiteko. Ibaiak balio ekologikoa badu, asmo horrekin bat datorren aukera dugu, behaketa-zentroak egiteko edo duen potentziala aprobetxatzeko. Saiakuntza-bankua izan daiteke ibaiarekin batera nola bizi daitekeen ikusteko; ezin dugu gure bizimodua naturatik bereiztu, eta hor proiektu polita dago. Horrez gain, ibaian jarduerak egiteko aukera egonez gero, ezin hobea litzateke.
Zure ustez, zer-nolako gakoak izan behar dira kontuan parke berria diseinatzerakoan?
Fadura leku benetan berezia da, eta besterik gabe parke bat bihurtzeak eta unitate espazial hori galtzeak kezkatzen nau; izan ere, espazio horrek aukera ematen du bertara iritsitakoan gauza ezberdinak gertatzen diren leku ezberdin batean egoteko. Erabilera bateraezinak antolatu behar baditugu edo espazio arriskutsu bilakatzen bada, Fadura galtzen ari gara. Espazio segurua izan behar du, batez ere talde ahulenentzat; bertan, lasai ibiltzeko edo egoteko aukera izan behar da. Fadurak izan duen abantailetariko bat izan da espazio segurua izan dela. Parkeak sarrera asko zituen, baina ixten joan dira kostuak izugarri igotzen zirelako. Nire ustez, Fadura kontrolatzeko neurriekin eta helburu batekin ireki behar da.
Fadura kirol-hiria bezala hartu behar dugu, hitzaren zentzurik zabalenean, ez soilik kirolerako, baina betiere helburu argiarekin. Gakoa da zibilizazioarekin, izpiritu olinpikoarekin, izpiritu amateurrarekin, joko leialarekin, balio horiekin zerikusia duten jarduerak bultzatzea. Saiakuntza-bankua izan daiteke kulturartekotasuneko esperientzia-mota guztietarako, gai ekologikoetarako; orain mehatxuak edo ahuleziak diruditenak aukera moduan aprobetxatu behar dira.
Nahiz eta Fadurara doazen familiak egon, espazioa neurri handiagoan hain kirolerako ez den erabilera baterako aprobetxa daitekeela uste dut. Batzuetan, aitzakia bat behar izaten dugu leku batera joateko, eta, kasu honetan, aitzakia hori falta da kirol-arlokoa ez den erabilera horretarako. Halaber, uste dut sustatzeko ahalegin handiagoa egin behar litzatekeela, jendeak ez baitaki edo ez baita gogoratzen baliabide hori badagoenik. Gainera, aparkatzeko edo sarrera iraunkorreko zaitasuna begien bistakoa da; bidegorria jada badugu, eta autobusen zerbitzuren bat behar dugu. Ezin dugu ibilgailuen hain mendean egon, batik bat gure etorkizuneko eredua autorik gabekoa bada.
Beste lekuren bateko esperientziaren bat, guretzat inspirazio izateko
Ingeles parkeak leku oso handiak dira, eta bertan paseatzeko aukera duzu edota kirol jarduera beste jarduera-mota batzuekin partekatzeko. Nire aitak, eta nik ere bai, Alemaniako IAKS (Kirol eta Aisiarako Instalazioei buruzko Nazioarteko Lan Taldea) elkartetik ideia asko hartu zituen. Kirolaren alde ludikoa bilatzen zuen; olatuak zituzten igerilekuak izugarri atsegin zituen, eta skate parkeak egindako lehenetarikoa izan zen, Bakiokoa bezala, 80ko hamarkadaren amaiera aldera.
Kirol-jardueraz gain, Parisko plazak bururatzen zaizkit, bat-bateko edo zuzeneko jarduerekin; edo Covent Garden, Londresen, zer dagoen ikustera eta une atsegin bat igarotzera joateko lekua. Nire ustez, Fadura jarduera-mota ezberdinak eta interes desberdineko pertsonei zuzendutakoak egiteko lekua da. Eta garagardo bat hartzeko aukera baduzu, zer hobe.
Gogoratu parte hartzeko plataforma digitalera ere sar zaitezkeela web gune honetan: www.thinkingfadura.eus.
2 thoughts on “Fadura zibilizazioa da, gorputz osasuntsuan buru osasuntsua izatearen utopia da”
Reflexiones muy interesantes Jon
Jon, desde Nicaragua… rebuscando obras de la familia (Nuria ‘peli’)… me encontré con FADURA. Bella obra la de tu Aita. Zorionak. Osaba Ander. 30 marzo 2019.