3. fasea. Proiektuen sustapena

Fadurako atletismo eta errugbi harmailen eraikina eraberritze hasi da

Kirol-kluben parte-hartzearekin diseinatutako eraikin berriak oraingoaren azalera erabilgarriaren bikoitza baino zertxobait gehiago izango du, eta 7 milioi euroko inbertsioa egingo da

Kirol-kluben lehiaketa-denboraldia amaitu ondoren, Getxo Kirolak-ek argi berdea eman du atletismo-pistaren eta errugbi zelaiaren eta Fadurako belodromoaren artean dagoen harmailen eraikina osorik berritzeko obrari ekiteko. Eraikin berriaren azalera egungoaren bikoitza izango da: 1.313 m2 izatetik 2.742 m2 izatera igaroko da. Guztira, 7 milioi euro pasatxoko inbertsioa egingo da, eta 22 hilabete barru amaituta egongo dela uste da.

Eraikin berria modu parte-hartzailean diseinatu da, eta tradizioz erabili izan duten kluben beharrak kontuan hartuta, gimnasio bat, aldagelak eta biltegiak erabat berrituta dituen gune bat, erabilera anitzeko aretoak eta bulego-espazioak izango ditu kirol-erakundeak kudeatzeko. Gainera, harmailen egungo estalkiaren ordez beste estalki bat jarriko da, eta haren diseinuan kontuan hartu da kokalekua, eguraldi txarra dagoenean jendearen erosotasuna hobetzeko. Obraren proiektuak, halaber, igogailu bat du eraikineko bi solairuen arteko irisgarritasuna bermatzeko, bai eta kirolarientzako eta jendearentzako sarrera bereizi bat ere. Horrela, sarbide-kontrol bat egongo da, eta kirolariak atletismo-pistara edo errugbi zelaira barruko korridore batetik sartuko dira. Korridore horrek zuzenean komunikatuko ditu instalazioak aldagelen eremuarekin.

Thinking Fadurako testuinguruan diseinatu da eraikinaren eraberritzea eta handitzea. Hori dela eta, modu koordinatuan lan egin da klub eta elkarteekin, obraren eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen eta kirol-jarduera obrak iraungo duen bi urte inguruan egin ahal izan dadin.