Dagoeneko hasi dira Fadurako gizarte eta kirol zentro berria eraikitzen garagardotegi zaharraren inguruan. Zentro berriak 850 m2-ko azalera erabilgarria izango du eta 2.100 m2-ko kanpoaldea. Bertan, kirol-kluben jarduera soziala egiteaz gain, sektore horretan berrikuntzarekin zerikusia duten enpresentzako berrikuntza-poloa egongo da. Getxo Kirolak-ek 2,2 milioi euro pasatxo jarri ditu eraikin hau egiteko. Elkarte-ehunak parte hartuta diseinatu da, eta obrak 18 hilabeteko epean egitea aurreikusten da.
Proiektuak garagardotegi zaharraren izpiritu sozialari eutsi dio; bertan egiten ziren kirol-erakundeen eta Getxoko beste eragile sozial batzuen bilerak eta ospakizunak. Hori dela eta, funtzio anitzeko ekipamendua pentsatu da, hiru giro bereizita: areto handi bat, itxia eta girotua (bigarren solairu batekin berrikuntza-polorako), eta beste bi espazio, jarduera bakoitzaren premietara egokitzeko, estalitako eta erdi estalitako eremu eta guzti.
Eraikin berriaren ezaugarriak garagardotegi zaharra erabiltzen zuten erakundeekin batera diseinatu dira, eta obra Thinking Faduraren testuinguruan kokatzen da; hau da, Fadura espazio publiko berri bilakatzeko proiektua. Espazio horretan, sarrera libreko parke bat eta Getxo Kirolakeko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak egongo dira.
Obrak uholde-arriskuko eremu batean burutuko direnez, baimenak lortzeko beharrezko denboraldia gainditu behar izan da, eta pandemiaren ondorioek eragindako atzerapen eta guzti, Fadurako gizarte-zentro berria 2.000 pertsona inguruk parte hartutako proiektuaren ondorioz eraikiko den lehen ekipamendu handia izango da.