thinking Fadura. Getxoko Kirol Parke Berria herritarrek parte hartzeko prozesua da, Getxo Kirolakek bultzatua, Fadurako kirol-instalazioak aldatzeko eta espazio publiko berri bat diseinatzeko, bertan, sarrera libreko parkea eta Getxo Kirolakeko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak izanik.
thinking Faduraren helburua da herritarrekin egiaztatzea etorkizuneko kirol-parkean elementu berriak sartzea, jarduera fisikoa modu erregularrean egitea motibatzeko, ingurumen-arloan hobekuntzak lortzeko, aisian, osasunean eta kirolean enplegua areagotzeko eta espazioen sarrera eta funtzionamendua hobetzeko. thinking Fadura proiektua diagnostikoa egiteko lehen fasearekin hasi zen, eta, fase horretan, Fadurako alderik garrantzitsuenak aztertu eta identifikatu dira, orain hasten den parte-hartze prozesuari heltzeko.
Fadurako sarreran topa dezakezun horma-irudian funtsezko zortzi gako hauen inguruko analisia biltzen da, prozesua eraginkorragoa izan dadin, proposamen zentzuzkoagoak eta eztabaida sakonagoak garatze aldera. Ez galdu, Fadurara hurtzeltzen zarenean, erakusketa hau ikusteko aukera.
1. ESPAZIOAREN TESTUINGURUA. Fadurako espazioek eskaintzen dituzten aukerak.
Egindako diagnostikoan Fadurako erabilerak aztertzen dira, batik bat kirolaren inguruan, baina baita jarduera kulturalei eta sozialei dagokienean ere, jarduera ekonomikoa sortzeko duen potentziala kontuan hartuta. Ildo horretan, zehatz-mehatz aztertu dira kirol-instalazioak zein espazio libreak, bereizten dituzten eragozpenak eta batzen dituzten ibilbideak identifikatuaz.
Analisiaren arabera, Fadura hobetzeko eta aldatzeko potentzial handiko espazioa da, jarduera fisikoa bultzatzeari eta aisiarekin, osasunarekin eta kirolarekin loturiko jarduera ekonomikoa garatzeari dagokienean, nahiz eta murrizketa handiak izan sarreraren kontrolaren eta kirol-jardueraren beraren arauen eta premien aldetik.
2. JARDUERA ETA ERABILERA. Jendetza, erabilera-intentsitatea eta jarduera-motak.
Faduran jarduerak nola, non eta noiz egiten diren ulertzearekin askoz hobeto azaldu daitezke kiroldegiaren funtzionamendua eta erabiltzen duten pertsonek dituzten ohiturak, jarduera edo espazio bakoitzaren inguruko eskaera edo interesa ebaluatu ahal izatearekin batera.
Sarrerako datu anonimoei esker, kiroldegiaren erritmoak ezagutu daitezke; hau da, instalazioak astean zehar gehiago erabiltzen direla ikusten da, eta udan jarduera jaitsi egiten dela. Aldi berean, aldeak daude egiten den jarduera-motari —ohiko praktika edo denboraldiko ikastaroak— edo adinari eta generoari erreparatuta.
Halaber, espazioen bat-bateko erabilerak identifikatu dira: topaketak edo ospakizunak, joko eta kirol informala, etxeko animalien presentzia, e.a.
3. HIRI-TESTUINGURUA. Ingurunea eta azpiegiturak.
Fadurako kirol-parkea elementu estrategikoa da Getxoko udalerriaren garapenean. Fadurako azpiegiturak analizatu dira eta eremua hartzen duten hiri-antolamendua eta hirigintza-araudia (HAPO, errepideak eta ibaiak) berrikusi dira, eraikigarritasunean eragina duten aukerak eta mugak ezagutzeko.
Ingurunearen zati bat garapenean aurkitzen da, batez ere Makaletako etorbidea udal-kale bihurtzeagatik eta Iturribarri II sektorearen garapenarengatik, kirol-parke berria hiriarekin lotzen lagunduko baitu.
Gainera, kiroldegia udalerriko beste ekipamendu batzuetatik gertu aurkitzen da, bereziki ikastetxeetatik, eta harreman zuzena dute ibaian zehar konexio eroso samarra izateagatik; Fadurako jarduera osatzen duen sarearen zati bezala har daitezke.
4. MUGIKORTASUNA ETA IRISGARRITASUNA. Fadurarako sarrera eta erabilera herritar guztientzat.
Fadurako instalazioak erabiltzen dituzten pertsonen mugikortasun-ohiturei buruzko azterketak ikuspegi zabala eskaintzen du dauden zailtasunen inguruan, eta horiek zuzentzeko neurriak hartzeko aukera ematen du; hala nola, aparkatzeko lekuak optimizatzea eta seguruagoak egitea edo joan-etorria egiteko bitarteko iraunkorragoak eta osasungarriagoak erabiltzea bultzatzea.
Aldi berean, polikiroldegiko muga fisikoak berrikustearekin informazioa lor daiteke espazio publikoetan hobekuntzak egiteko, seguruagoak eta irisgarriagoak izan daitezen, eragozpen fisikoen ordez pertsona guztiei —haien egoera edozein dela ere— sartzeko aukera ematen dieten kontrol-sistemak jar daitezke edota Getxoko leku bakar honek kirolerako, aisialdirako eta osasunerako duen potentziala aprobetxatzeko ibilbideak diseina daitezke.
5. INGURUMEN-ARLOKO TESTUINGURUA. Fadurako ingurune naturalaren balioa eta potentziala.
Fadura kokapen pribilegiatuan aurkitzen da Gobela arroaren zati bezala. Parkea berriz diseinatuta, aukera bakarra dugu ingurune naturalean egin daitezkeen jarduerak dibertsifikatzeko, ekosistemaren jarraitutasuna mantenduaz ibaia osatzen duen korridore ekologikoan barrena, eta oreka delikatua lortzeko ahalegina eginaz gozamenerako irisgarritasunaren eta ekosistemaren kontserbazioaren artean, bertako fauna eta flora errespetatzearekin batera.
Zonaren hobekuntza hidraulikorako eta aurretik gertatutako uholdeak errepikatzea saihesteko egindako jarduerez gain, kontuan izan behar dira bestelako zenbait alderdi; esate baterako, hurbileko errepideetatik eratorritako soinu-kutsadura edo zoruaren kalitatea ikertzeko dagoen premia.
6. DIBERTSITATE SOZIALA. Dibertsitate soziala eta inklusibotasuna Faduran.
Parte hartzeko prozesua inklusiboa izan dadin, funtsezkoa da Getxoko eta Fadurako dibertsitate soziala eta kulturala ez ezik —zaindu eta garatu beharreko balio nagusietariko bat bezala—, hiriko bizitzako alderdi bakoitzak talde ezberdinetan dituen inpaktu desberdinak ere ulertzea.
Parke berria diseinatzerakoan kontuan izan behar da pertsonen errealitatea, haien generoari, gaitasun eta premia ezberdinei, baldintza fisikoari eta psikikoari erreparatuta, bizikidetza errazten duen espazio publiko atsegina eta askotarikoa sortzearren: mugikortasun-ohiturak, jarduera-lehentasuna, rola zaintzetan eta adiskidetzean, ahultasuna, segurtasunaren pertzepzioa, e.a.
Halaber, espazio publikoaren erabilera, kirola eta aisia ezinbestekoak dira gizarteratzeko prozesuetan eta kultura dibertsitateko testuinguruetan komunitatea sortzerakoan. Kultura arteko paradigmak helburu horiek lortzen lagunduko digu.
7. TESTUINGURU SOZIOEKONOMIKOA. Tradizioa, berrikuntza, ekimenak eta garatzeko ahalmenarak.
Getxoko kirol-jarduera oso handia da eta nazioartean ezaguna; elkarte, klub eta kirolari ugari daude.
Alderdi hori aintzat hartuta egindako diagnostikoaren arabera, kirol-parkeak aukera handiak eskaintzen ditu kultura eta ekonomia garatzeko. Getxoko Udalak Faduran garatzen diren jarduerekin erlazio handia duten ekonomia-sektoreetan garapena bultzatzearen aldeko apustua egiten du: Kirolaren eta Ongizatearen Teknologiak eta Industriak, Industria Kulturalak eta Sortzaileak eta Turismo Kulturala eta Wellness Turismoa. Horri guztiari espazioaren erabiltzaileak eta ekintzaileak gehitzen badizkiogu, berrikuntzako eta ekintzailetzako gune bakarra sortzeko oinarria sortzen da, tokiko ekonomiarekin sinergia handiak dituena.
8. SEGURTASUNA. HAutemandako segurtasuna larrialdia eta kontrola.
thinking Faduraren diagnostiko-fasean zehar, kirol-parkeko espazioak berrikusi dira lehendik zeuden azterketak eta zuzeneko diagnostikoa erabilita; era horretan, ‘puntu beltzak’ edo zona delikatuak identifikatu dira, herritarrekin berrikusi beharrekoak parte hartzeko orain hasten den prozesuan.
Pertsona-kopuru handiak biltzen dituzten jarduerak egiten direnez, funtsezkoa da parkea diseinatzerakoan, bertatik ateratzeko aukera eta larrialdiko eta segurtasuneko ibilgailuak sartzeko aukera kontuan izatea, instalazioak eta espazio irekiak berriz diseinatuz gero, oraingoak alda baitaitezke.
Sarreraren kontrola, orain arte, tornu edo giltzen sistemen bitartez egin da. Etorkizunera begira, bestelako irtenbide aurreratuagoak azter daitezke.