1. fasea. Analisia eta diagnostikoa

thinking Fadura: Kirol-parke irisgarria eta inklusiboa

Amesten Elkartearen izenean, gure ikuspegia eman nahi dugu, dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde lan egiten duen Getxoko erakunde bezala, parke irisgarriak Faduran duen esanahiaren inguruan. Halaber, gure ustez, ezaugarri eta tamaina horietako parkea oro har parke inklusiboa izan dadin ezinbestekoak diren gakoak azaldu nahi genituzke.

Amesten Elkartearentzat, eta gure eguneroko lanean oinarrituta, inklusioa, besteak beste, parte-hartzea, komunikazioa, irisgarritasuna, elkarreragitea, elkarrekiko ezagutza edo akonpainamendua bezalako terminoekin zuzenean konektatzen da. Gure ustez, Fadurako parke berriak guztientzako parkea izan beharko luke, irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua bezalako kontzeptuak kontuan hartuta; kirol-parke irisgarria oro har, funtzionala, pertsona bakoitza modu autonomoan sartu ahal izateko eta batetik bestera mugitzeko eta/edo mapak, adierazpenak ulertzeko hirugarren pertsonen mende egon beharrik gabe, hau da, intuizioak gidatuta edozein instalaziotara sartu ahal izateko aukera eskaini beharko luke.

Irisgarritasun fisikoari buruz

Beste gako garrantzitsuetariko bat instalazioetara joateko garraio publikoa da; izan ere, askotan garraioaren maiztasunak oro har eta garraio egokituarenak bereziki, eskasak dira, baita mugikortasun murriztua duten pertsonentzat dauden plazak ere. Garraio publikorik eta aparkaleku egokiturik gabe, dibertsitate funtzionala duten pertsonek ezingo dute instalazioetara modu autonomoagoan eta zuzenagoan joan.

Halaber, parkeak ibilbide erabat irisgarria eduki behar luke, edozein motako eragozpen arkitektonikoak kenduta; sarrera eta irteera irisgarriak; beharrezkoa den lekuetan igogailuak; gela bakoitzera egokitutako altzariak eta ekipamenduak, leku batetik bestera erraz alda daitezkeenak; publikoarentzako mostradoreak eta leihatilak mugikortasun murriztua duten pertsonen parean; garabi bat edukitzeko moduko komonak eta aldagelak, e.a.

Pertsona guztien benetako inklusiorako, interesgarria litzateke publiko osoarentzat irekiak diren espazioak izatea; pertsonak elkarren artean konektatu eta elkarreragin ahal izateko diseinatutako jarduerak; partekatzekoak; kirola bikotean, taldean egiteko jarduerak,… Modu horretan, elkarren arteko ezagutza eta laguntza bultzatu ahal izango da.
Gure udalerriaren baldintza klimatologikoak kontuan hartuta, ondo egongo litzateke itxitako guneak ere izatea, instalazioak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, aire librean kirola, jarduera fisikoa edo jolasak egiteko eguraldia egokia ez den uneetan.

Irisgarritasun kognitiboari buruz

Aurrean aipatu dugun moduan, bereziki azpimarratu nahi dugu parkearen komunikazio-arloa eta hizkuntza erraza erabiltzea. Garrantzitsua da irisgarritasun kognitiboa bezalako kontzeptuak lantzea era honetako proiektuetan, testuen egokitzapenekin hobeto uler daitezen.

Ildo horretan, irakurketa erraza edo piktogramak baliabide oso erabilgarriak dira komunikazioak, panelak, liburuxkak, e.a. pertsona guztiek erraz uler ditzaten. Laguntza horiek ezinbestekoak dira ulermena eta autonomia errazteko eta pertsona guztiek kirol-parkeaz baldintza berean gozatu ahal izateko, era horretan, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat ere instalazioak irisgarriak izango baitira; horrela izango dira, baita ere, irakurtzeko gaitasunik hartu ez duten haurrentzat, udalerriko bi komunikazio-hizkuntzarekin trebatuta ez dauden pertsonentzat edota irakurtzea konplexuagoa izan daitekeen adineko pertsonentzat.

Irisgarritasun unibertsala onuragarria da herritarrentzat eta udalerriarentzat oro har. Kontua soilik ez da guneak birmoldatzea, espaloiak zabaltzea edota eragozpen arkitektonikoak kentzea (jakina, baietz), baizik eta irisgarritasuna ikuspegi ezberdinetatik ikustea eta instalazioak zeharkako ikuspegitik eta ikuspegi integraletik eta inklusibotik diseinatu ahal izatea.

Espazio honek aukera eman behar du dibertsitate funtzionala duten pertsonek edo beste edozein taldetakoek parte hartu ahal izateko jarduerak sortu eta diseinatzeko. Era horretan, sortu behar diren espazioetan, pertsonek aukera izan behar dute bizikide izateko, partekatzeko eta bestelako errealitateak ezagutzeko. Gure ustez, beharrezkoa da zerbitzuak aldatzea, baina, aldi berean, beharrezkoa da baita ere aldaketa kulturala gertatzea eta jakitea pertsona guztiok gure bizitzako uneren batean desgaitasun edo muga motaren bat dugula, izan dugula edo edukiko dugula. Dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa guztion konpromisoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.