3. fasea. Proiektuen sustapena

Getxo Kirolak-ek Fadurako kirol-parke berriaren berdiseinuaren lehen lau proiektuak aktibatu ditu

Getxo Kirolak-ek thinking Fadura prozesuaren hirugarren fasea aktibatu du, parte-hartzaile prozesuan zehar sortutako lehen lau proiektuak abian jarriz. Prozesua herritarrekin eta udalerriko elkarte-ehunarekin batera burutu zen joan den urtean zehar. 

Fase berri hau gutxi gorabehera lau urtekoa izango da eta, garagardotegi zaharra ordezkatuko duen funtzio anitzeko eraikin berria eraikitzeko proiektuaren idazketarekin hasiko da. Fase berrian garatuko diren ekintzen artean aurkitzen dira parkean segurtasun eta konektibitate zerbitzu egokia bermatzeko plana egitea eta, Fadurako lurzoruaren kalitate azterketaren enkargua egitea; etorkizunean egin beharreko zenbait obretan ingurumen-arriskuak saihestuz. Azkenik, laster hasiko dira irisgarritasun lanak igerilekuen eraikinean, mugikortasun urriko pertsonen sarbidea bermatzeko helburuarekin.

Prozesuaren emaitzekin egindako aurreproiektuan 10 espaziotan jardutea proposatzen da, eta 218 ekintza-erantzun jasotzen dira (horietatik 110 espazioak berritzearen ingurukoak dira, 65 parkearen kudeaketarekin lotura dutenak, eta 43 espazioaren gobernantzari buruzkoak). Jarduera horien ondoren, batik bat, ingurumen-arloan hobekuntzak lortu nahi dira, udalerrian jarduera fisikoa praktikatzea bultzatzen duten instalazio hobeak edukitzea, osasun eta kirol aisiaren sektorean enplegua gehitzea eta instalazio bakoitzerako sarbidea eta kudeaketa hobetzea. 

218 proposamen horiek gauzatzeko ordena definitze aldera, Getxo Kirolak-ek proiektuak lehenesteko metodologia landu du, irizpide anitzeko analisiaren arabera abian jartzea ordenatuaz, dauden baliabide ekonomikoetara egokitzea eta biztanleentzat ahalik eta onura gehien ekartzea bermatzearekin batera.  

Modu horretan, jada gauzatzen ari diren lau proiektuen ondoren, beste 29 jarduera burutuko dira. Fadura kiroldegiko sarreran kokatuta dagoen muralak, aurreproiektuan sartutako transformazioak azaltzen ditu.

thinking Fadura prozesuaren faseak

thinking Fadura, Getxoko Kirol Parke Berria 2017an jarri zen abian egungo kirol parkearen eta instalazioen analisia eta diagnostikoa egiteko lehen fasearekin eta, udalerrian funtsezkoak diren agenteekin batera egin zen. Aldi berean, parte-hartzaile prozesu espezifikoa garatu zen Fadurako Garagardotegi zaharra berriz diseinatzearren, eta, horrela, Getxorako ekipamendu sozial berria eraikitzeko aurreproiektua egin zen.

Behin diagnostikoa bukatuta, bigarren fase bati hasiera eman zitzaion; hau da, herritarren parte-hartzea aktibatzearena, eta hori 2018an zehar garatu zen. Hain zuzen ere, 1.700 pertsonak hartu zuten parte premiak eta ideiak jasotzeko prozesu irekian. Prozesu horren ondorioz, eta Getxoko herritarren eskutik jasotako ekarpenak kontuan hartuta, Fadurako parke berriaren paisaia eta hirigintza antolatzeko aurreproiektua garatu zen.

Hirugarren fase honetan, Getxo Kirolak-ek herritarren lankidetza bilatzen jarraituko du parkearen nahiz kirol-ekipamenduen kudeaketa hobetzeko; modu horretan, bilerak egiteko egutegia ezarriko da, eta horietan kirolen udal-erakundeko langileek osatutako talde espezifikoek ez ezik, Fadura hobetzen lagundu nahi duten pertsona guztiek ere parte hartuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.