Fadurako garagardotegi zaharrean kokatutako gizarte eta kirol zentro berriaren obrak aurreikusitako epeen arabera egiten ari direnez, baliabide hori inauguratzea eta zentro horren ateak irekitzea 2024ko amaiera aldera egitea aurreikusten da. Zentroak 850 m2-ko azalera erabilgarria eta 2.100 m2-ko kanpoaldea izango ditu, eta Getxoko kirol-kluben eta beste gizarte-eragile batzuen bizitza sozialaren epizentroa izango da. Gainera, bigarren solairuan, ekintzailetzarako gunea izango du, kirol-arloko berrikuntzarekin zerikusia duten enpresentzat.
Ekipamenduaren zurezko egitura ikusgai dago jada, eta 3 gune bereizi ditu. Lehenengoa gune itxia da, aklimatatua; bigarrena estalitako gunea da, alboetan irekita badago ere; eta, hirugarrena gune estalia eta mugetan partzialki itxia da.
Eremu hibrido horietako batean, lur horretan lehendik zegoen tamaina handiko zuhaitz bat egongo da, kontserbatzea merezi du-eta. Hain zuzen ere, pinus pinea (pinazi-pinua) da, 15 metroko altuerakoa, eta osasun-egoera onean aurkitzen da. Zuhaitz hori kontserbatzeko erabakia bat dator thinking Fadura proiektuaren filosofiarekin; izan ere, helburuetako bat da jarduera fisikoa eta osasuna bultzatzea ingurumena errespetatzen duen ingurune natural batean.
Behin beharrezko azterketak eginda eta irtenbide tekniko egokiak aurkituta, Getxo Kirolakek zuhaitza eremuaren barruan gordetzea erabaki du, teilatuan irteera bat prestatuz. Erabaki horretan, aldi berean, kontuan hartu dira uraren erorketak eta enborra behar bezala integratzeko funtsezko beste gai batzuk, eraikina erabiliko dutenen erosotasuna arriskuan jarri gabe. Modu horretan, zentro berriak kirola, jarduera soziala, berrikuntza eta ingurune naturala batuko ditu espazio integratu bakar batean.
Eraikin berria parte-hartzearen bidez diseinatu zen Getxoko Elkarte-ehunarekin, eta prozesua lau hilabetetan burutu zen. Lan horrek guztiak aurreproiektu bat adosteko balio izan zuen, eraikin zaharra erabiltzen zuten erakunde guztien beharrei erantzuteko eta etorkizunera begira aukera berriak detektatzeko. Aurreproiektu horretatik abiatuta, oinarrizko proiektua egin zen, eta berriro ere diseinuan parte hartu zuten pertsona, elkarte eta klubekin kontrastatu zen, parte hartzeko prozesuaren bidez sortutako aurreproiektuan egindako ekarpen gehienak jasotzen zituela ziurtatzearren.
Getxo Kirolak gune berriaren kudeaketarekin lotutako alderdiak lantzen hasi da. Horretarako, laster prozesu bat irekiko du, eta, kirol-klubekin eta -elkarteekin batera, ekipamendu hori erabiltzeko baldintzak diseinatuko ditu. Horrela, espazioaren aldakortasuna eta kokapena direla-eta, Fadura kirol-parke publiko bilakatzeko erreferentzia-zentro bihurtuko da. Era horretan, thinking Fadura prozesuaren testuinguruan instalazioak berritzeko martxan dagoen zikloaren barruan abian jarriko den lehen ekipamendu handia izango da.
Lan-talde horretan parte hartzea gustatuko litzaizuke? Bidali mezu bat thinkingfadura@getxo.eus helbidera edo erabili web orrialdeko harremanetarako formularioa.