Thinking Fadura parte hartzeko prozesua batez ere entzute aktiboaren prozesua da; bertan, 1.500 pertsona baino gehiagok esku hartu dute —kopuruak agerian uzten du ekimenak sortu duen interesa—, eta, era horretan, parkearen etorkizuneko espazio fisikoaren premiekin ez ezik, parkearen kudeaketarekin berarekin loturiko ekarpenak ere jaso ahal izan dira, eta, ezbairik gabe, Getxo Kirolakek eskaintzen duen zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu ahal izango da horrela.
Espazio fisikoaren inguruan jasotako ekarpenak kirol-parke berriaren aldaketa fisikoa markatuko duen aurreproiektuan islatu dira, eta aurreproiektu hori bihar, azaroaren 29an, 19:30ean, Fadurako ekitaldien aretoan, aurkeztuko dugu. Kudeaketari eta bizikidetzari buruzko alderdiak, berriz, balio publikoaren palanka sortzaileak bezala ageri dira; hau da, kalitatezko zerbitzu publikoa nahi da, herritarrengandik hurbil dagoena eta funtzio soziala betetzen duena.
Ildo horretan, garrantzi berezia hartzen du gaur egun Getxo Kirolaken plantilla osatzen duten pertsonen lekuak. Thinking Faduran egindako entzuteak lidergo papera ematen dio Getxo Kirolakeri, eta funtzio publikoak aurrean dugun aldaketa-prozesuan duen garrantzia aldarrikatzen du.
Getxo Kirolakeko langileekin egindako saioak
Getxo Kirolakeko langileek modu aktiboan hartu dute parte thinking Fadura prozesuan. Eremua ondo ezagutzen dute, eta, batik bat, harremanetan egoten dira kiroldegia erabiltzen duten pertsonekin. Egunero sortzen diren elkarrizketak funtsezkoak dira baliabideak erabiltzen dituzten pertsonen premiak eta eskariak zuzenean ezagutzeko. Informazio hori oso baliagarria da, eta udalerriaren egungo eta etorkizuneko errealitatera egokitutako aukera berriak aztertzen laguntzen digu. Aldi berean, instalazioetan lan egiten duten pertsonen premiak jaso dira, zerbitzua hobetu ahal izateko.
Duela egun batzuk, beste bi topaketa egin genituen azken aldaketak eta kirol-parke berrirako proposamen zehatzak partekatzearren. Proposamen horietan herritarren eskaera nagusiak ez ezik, Getxo Kirolakeko plantillarentzat detektaturikoak ere sartu dira, eta horien artean nabarmentzekoa da mantentze-lanetako langileentzako tailer berria eta bulegoak sortzea.
Getxo Kirolakeko plantillarekin aurrez egindako saio horien bitartez, emaitzak aurrez emateaz gain, aukera izan dugu parte hartzeko prozesuan jasotako informazioarekin irekitzen diren kudeaketa-alderdiei buruzko lehen hausnarketak egiten hasteko. Modu horretan, artatu beharreko lehen arloak honako hauen ingurukoak dira: segurtasuna, pertsona abonatuek eta klubek bizikidetzarekin loturiko alderdietan parte hartzea, publikoarenganako tratua eta arreta, instalazioen garbitasuna eta ordutegien eta erreserben malgutasuna.
Erronka horiek jorratzeko, elkarrizketa berriak egin beharko dira eta espazio berriak ere bai lanerako esparru berriak eta, kasu batzuetan, abian jartzeko irizpide teknikoak eskatuko dituzten gai zehatzak lantzeko. Ildo horretan, esan dezakegu erronka nagusia dela denen artean lanerako espazio bat sortzea eta herritarren eta Getxo Kirolaken arteko lankidetza-harremana ezartzea. Nola egingo dugu? Nola bilatu baliabideak, arintasunez eta zenbait alderdi autokudeatzeko gaitasunarekin jokatu ahal izateko? Gardentasuna eta informazioa funtsezkoak dira. Nola bermatu dezakegu?
Bihar amaitzen da etorkizuneko Faduraren aurreproiektua diseinatzeko parte-hartze prozesua. Orain, beste fase bati ekingo diogu galdera horiei erantzutearren. Zure lankidetza ezinbestekoa da Faduraren etorkizunerako. Zure zain izango gara!