Gabriela Buceta Adrebol Boliviako kidea da, Getxon ezarritako boliviar egoiliarrek batik bat osaturiko Kirol Elkartekoa. Helburu nagusietariko bat da kultur arteko topaketa-puntua eskaintzea Boliviako kultura ezagutu eta partekatu eta kirola gizarteratzeko erreminta gisa erabili nahi duten pertsona guztientzat.
Zenbat pertsona zaudete Adrebol Elkartean?
Adrebol Elkartean 25 jokalarik osatutako futbol-talde federatua dugu; horrez gain, 12 lagun arduratzen gara kluba kudeatzeaz eta Elkartearen inguruan jarduera kulturalak antolatzeaz.
Zer-nolako harremana duzue Fadurarekin?
Fadurak ate asko irekitzeaz gain, ikasten eta hazten lagundu digu. Adrebol osatzen dugun zenbait pertsona aspalditik bizi gara Euskadin, eta jakin badakigu Faduran eta Getxon laguntza handia izan dugula udalerrian integratzeko.
Fadurak segurtasun handia eman digu. Oinez hasten zarenean erraza da kraska egiten duen zura aurkitzea, baina norbaitek lasaitzen eta hurrengo urratsak ematera animatzen bazaitu, azkenean oinez ibiltzea lortzen duzu. Laguntza honetan funtsezkoa izan da Getxoko Udaleko Kulturartekotasunak egindako lana.
Kirolak gure integrazioa lantzeko erreminta gisa balio izan digu; gainera, biltzeko eta gure kulturarekiko deskonexioa saihesteko leku bat eduki ahal izan dugu. Boliviako Independentzia Eguna egun garrantzitsua da gure komunitatearentzat, eta Fadurako Garagardotegian ospatu dugu.
Egia da hasieran ez zela dena hain erraza izan; izan ere, Fadurako instalazioak erabili ahal izateko formulak bilatu behar izan genituen. Pixkanaka-pixkanaka, aztarna irekitzen joan gara, eta orain zoragarria da.
Kulturarteko begiradarekin, ekarpenen bat egin diezaiozuke Faduraren etorkizunari?
Fadura leku irekia izatea gustatuko litzaiguke, edozein pertsona bertakoa sentitzeko eta bizitza emateko. Jakin badakigu espazioa irekitzeak segurtasun-arazoak sor ditzakeela, baina jendea bizi den lekuak ez dira arriskutsuak izaten. Fadura auzoaren elementu dinamizatzailea ere izan daiteke.