Fadurako errugbi zelaian eta belodromoan egurrezko hesi berria thinking Fadura parte-hartze prozesuaren bidez egindako lehen lanak dira. Itxitura horren helburua da erabiltzaileak zelaian zehar ez igarotzea, haien burua eta txirrindularitza praktikatzen dutenena arriskuan ez jartzeko. Horrez gain, Getxo Kirolak-ek instalazio horietako argiteria hobetu du. Bi hobekuntzak thinking Fadura parte hartzeko prozesuan proposatu ziren, eta, era horretan, hasiera eman zaio egungo instalazioen aldaketari, etorkizuneko kirol parke bilakatze aldera, kontuan izanik udalerriko erabiltzaileek eta kirol-klubek elkarrekin egindako lanaren ondorioz azken bi urte hauetan jasotako ekarpen mordoa.
Belodromoa eta errugbi zelaia inguratzen duen egurrezko hesi berriak bi metro eta hogei eta bi metro eta berrogeita hamar zentimetro arteko altuera du, ikuspen-inpaktua murriztu eta ingurune segurua eta atsegina lortzearren. Getxo Kirolak-ek inplikaturiko klubetako pertsonen lankidetza izan du, premien diagnostikoa eta proposatutako irtenbideak alderatze aldera. Eta Fadurako parkeaaren aurre proiektu berrian azaldutako proposamenei bide ematen zaie.
Lanak guztira 45.900 euro kostatu dira, eta arin burutu dira segurtasun-gaiei erantzuna emateko asmoarekin; izan ere, Fadurara Iturgitxiko atetik sartzeko sarbidea ireki ondoren, beharrezkoa izan da adin txikikoei hortik igarotzea galaraztea, txirrindularien entrenamendu-orduetan. Laster, antzeko zerbait egingo da atletismo pistan, erabiltzaileen sarrera ordenatzeko, jaurtiketako modalitateen entrenamenduen programazioa mugatu behar izan gabe.
Halaber, errugbi zelaiko dorreetako argiak hobetu dira, eta horrek 10.000 euroko kostua izan du gutxi gorabehera. Hain zuzen ere, ordutegia kontrolatzeko gailu bat instalatu dute, belodromoko eta zelaiko argiteria hobetu ahal izateko nahiz gastu energetikoa instalazioaren erabilerara doitzeko.
thinking Fadura parte hartzeko prozesuaren azken memorian proposatzen den moduan, bi instalazio horietan hobekuntza horiek egiteaz gain, harmailen egungo eraikina handitzea aurreikusten da. Bertan, sarreren kontrol berria jarriko da, aldagelak eta dauden espazioak osorik hobetzearekin batera.
Denbora gutxi barru, Getxo Kirolak-ek esku-hartze nagusien lehentasunak definituko ditu, eta herritarrekin eta udalerriko elkarte-ehunarekin burututako lankidetza-denboraldian zehar kudeaketa hobetzeko identifikatutako proiektuen lehen egutegia ezarriko du. Azkenik, aipatu behar da datozen asteetan hasiko direla garagardotegi zaharra ordezkatuko duen funtzio anitzeko eraikin berria eraikitzeko proiektua idazten.