Getxo Kirolakek thinking Faduraren bigarren fasea jarri du abian; hau da, herritarrek parte hartzeko prozesua, Fadurako kirol-instalazioak diseinatzeko eta aldatzeko, espazio publiko berri bilaka daitezen. Bertan, sarrera libreko parkea eta instalazioak izango dira Getxo Kirolakeko abonatuek kirola egin dezaten. Bigarren fasea datorren ostegunean, apirilaren 19an, 19:30ean hasiko da, Fadurako ekitaldien aretoan, prozesuan parte hartu edo hori ezagutu nahi duten pertsona guztientzat irekia izango den informazio-saioarekin
Horiek horrela, 2018. urtean zehar, Getxo Kirolakek topaketak, lantegiak eta elkarrizketak antolatuko ditu herritarrentzat eta talde espezifikoentzat (Getxo Kirolakeko abonatuak, kirol-klubak eta -elkarteak, eskola-komunitatea, gazteak eta pertsona adituak). Fadurako parke berriaren paisaia eta hiri antolamenduaren aurreproiektua garatzeko, kontuan izango dira herritarrek parte hartzeko prozesuan bildutako hausnarketak eta ekarpenak, eta arreta berezia eskainiko zaio kirolean gutxi ordezkatu ohi diren taldeen parte-hartzeari; gainera, genero-ikuspegia, kultura-artekotasuna eta dibertsitate funtzionala aintzat hartuko dira. Era berean, aintzat hartuko da kirol-sektorearen eta ongizatearen potentziala, ekonomiaren sortzaile gisa.
Prozesuaren bigarren fase honetan ibilbide hau jarraituko da:
1. Premiak eta aukerak detektatzea
Apirilaren 20tik aurrera plataforma digitala erabili ahal izango da, Getxoko herritar guztiek online parte hartu ahal izateko, informazioa biltzearren eta premiak eta aukerak detektatzearren. Aldi berean, maiatza eta ekaina artean, talde ezberdinekin entzuteko saio batzuk egingo dira, thinking Faduraren lehen fasean egindako diagnostikoan jasotako gakoak kontuan hartuta, premiak eta aukerak antzemate aldera.
Saio presentzialak Fadurako Txikigunen egingo dira 19:00etatik 20:30era bitartean, eta honako hartzaile hauei zuzenduko zaizkie:
– Maiatzak 3. Pertsona abonatuak.
– Maiatzak 17. Klubak eta elkarteak.
– Ekainak 7. Herritarrak.
– Ekainak 21. Beste begirada espezifikoak eta beharrezkoak (genero-ikuspegia, kultur-artekotasuna, desgaitasuna, e.a.).
– Ekainak 28. Gazteria.
Azaldutako saioetan parte hartu nahi baduzu, mezu bat bidal dezakezu thinkingfadura@getxo.eus helbidera.
2. Proposamenen bilketa
Abuztutik irailera bitarte, proposamenak biltzeko denboraldia izango da. Lehenik eta behin, uztailean plataforma digitala irekiko da ideiak jasotzeko. Eta irailaren 20an, saio bat egingo da talde ezberdinekin eta parte-hartzaileekin batera, entzuteko fasean jasotako informazioa egiaztatzeko eta Fadurako parke berria diseinatzeko ideiak eta proposamenak jasotzeko helburuarekin.
4. Emaitzen ebaluazioa eta itzulera
Urriaren 18an, lan teknikoen erdian, tarteko informazio-saioa burutuko da parte hartzeko prozesuaren emaitzak egiaztatzeko eta ebaluatzeko.
Dagozkion aldaketak egin eta gero, azaroaren 22an, azken saioa egingo da parte hartzeko prozesua eta Fadurako parke berriaren aldaketa gidatuko duen aurreproiektua itzultzeko.
Fadurako erakusketa
Lehen fasean zehar, udalerriko kirol, gizarte eta kultur elkarte ezberdinek Getxo Kirolakekin batera definitu zituzten garagardotegiaren eraikin berriaren premiak. Horrez gain, Fadurako parkeari buruzko funtsezko alderdien diagnostiko oso bat burutu zen, eta alderdi horiek datozen hilabeteetan jorratuko dira: mugikortasuna eta irisgarritasuna, jarduerak eta erabilerak, espazioen kudeaketa eta segurtasuna, besteak beste.
Apirilaren 19tik aurrera, Fadurako igerilekuen eraikineko hallean erakusketa bat egingo da, orain arte egindako lana eta datozen hilabeteetan proiektuaren barnean landuko diren ildo nagusiak laburtzeko.
Azkenik, gogoratu behar da, foro presentzialez gain, thinking Fadura eremu digitalean ere badagoela, parte hartu eta prozesuaren jarraipena egin ahal izateko. Horretarako, web orrialdea erabil daiteke eta sare sozialak ere bai #thinkingFadura etiketarekin.