1. fasea. Analisia eta diagnostikoa

Gobernu irekiaren ikuspegia gune publiko berriak eraikitzerakoan

Inork ez zuen esan erraza izango zenik

Ekintza publikoan gobernu irekiaren ikuspegia sartzerakoan, batetik, gobernu-ekintzaren eraginkortasuna areagotu nahi dugu -alegia, erabaki hobeak hartzea eta hobeto aplikatzea- eta, bestetik, elkarlanera gehiago bideratutako testuinguru soziala sortzea -ondasun erkideekin erantzunkideak diren herritarrak-.
Asmoak onak dira. Baina espazio publiko berrien eraikuntzan demokrazia zuzena aplikatzearen gainean ditugun esperientzia ezagunenek zalantzazko emaitzak eman dituzte, bereziki herritarren parte-hartzea boto-sistemaren baten bidez izan denean erabakia hartzeko; hots, “herritarren kontsultak” dei diezaiokegu.
2009-2010 urteetan, Bartzelonan Etorbide Diagonala berritzeko izandako parte-hartze prozesu penagarriak aztarnak utzi ditu, eta Espainian herritarren parte-hartzearen trauma fundazionala bezala har daiteke. Euskadiri dagokionez, Gipuzkoan paper hori “zaborren gaiak” izan dezake (zaborrak Foru Aldundiko Gobernuak kudeatzen ditu). Duela gutxi, Madrilgo Udalak, nahiz eta zorte hobearekin, Yanina Welp bezalako ikertzaile hain bikainen kritikak ere jaso ditu.
Artikulu honetan ez dago tarterik parte hartzeko prozesu horien akatsak aztertzeko; beraz, bi ideia hartuko ditut oinarri:

  • Plebiszituan zehazten da biztanleriaren kopuru esanguratsu batek informazioa jaso behar duela, eztabaidatu behar duela eta botoa eman behar duela, baina hori ia inoiz ez da lortzen. Zuzeneko ondorioa herritarren segmentuen arteko botere desberdintasuna izaten da.
  • Aurkako aukeren aurrean botoa emanez egiten den parte-hartzeak lehiaketaren antza hartzen du; izan ere, batzuek irabazi egiten dute eta beste batzuek galdu, eta iritzi publikoa gatazka-eran polarizatu ohi da.

Bestalde, administrazio publikoak proposaturiko prozesuetan parte hartzeko interes orokorrik ez da izaten. Oro har, hurbileko eta nolabaiteko interesa dugun gaietan laguntzeko aktibatzen gara.

Nola jorratu gobernu irekiaren prozesua

Hortaz, aukerak aurkeztu eta horien gainean botoa ematearen gaineko ikuspegi sinplista horretatik aldentzen ahaleginduko gara. Horren ordez, politika publikoak eraikitzearen ziklo estandarra aplikatuko dugu, gobernu irekiaren begiradarekin.

Zikloak 4 fase ditu:

  1. Agenda: Lehendabizi, gaiaren eragina duten talde ezberdinen premiak ulertu eta lehenetsi behar dira. Horretarako, ez da nahikoa banako kontsulta egitea, baizik eta deliberamendu publiko on bat behar da, arazoak eta nahiak testuinguruan jartzeko.
  2. Baterako diseinua: Behin premiak ulertuta, hurrengo urratsa da berrikuntza irekiko tailerrak dinamizatzea, konponbideak sortzeko eta horien artean onenak adosteko.
  3. Gauzatzea: Gauzatzerakoan elementu esperimentalak aurreikusi behar dira, erabiltzailearen esperientzia nahi zuena izan ez bada alda daitezkeenak. Gauzatzeko unean, interesgarria da herritarrek laguntzeko tarte bat uztea. Zure plaza margotzen lagundu baduzu, plaza hori apur bat zureagoa izango da.
  4. Ebaluazioa: Kontuak emateko bide irekia erabili behar da, parte hartutakoei emaitza itzultzeko eta hurrengo proiektuari begira ikasteko.

Non geratzen da hemen botoa? Ahal bada, inon ez. Prozesuak adostasun batera iristea lortzen badu, ez da plebisziturik beharko. Gainera, elementu esperimentalak eta askatasun-mailak kontuan hartzeak lagun dezake proba daitezkeen konponbideak onartzen, eta, atsegin ez badira, aldatzen, jarreren polarizazioa murrizten joanaz.

Eta, hala ere, lor daiteke

Artikulua hasteko, irekieraren zailtasuna oro har azpimarratu dugu; baita, gune publiko berrien eraikuntzaren kasu zehatzean ere. Orain, ordea, dominari buelta ematea egokitzen zaigu eta, hala eta guztiz ere, egin daitekeela aldarrikatzea.

Arrakasta izateko, lau baldintza betetzea proposatzen dut:

  • Gardentasuna eta komunikazioa: Gardentasuna aurre-baldintza da; izan ere, herritarrek informazio osoa ez badute, ezingo dute behar adinako zentzuarekin erabaki. Eta komunikazioa ere funtsezkoa da informazio hori ezagutu, ulertu eta partekatu dadin.
  • Diseinu ona eta behar adinako baliabideak: Aurreko puntuan lau faseko prozesua proposatu dugu. Horietako bakoitza modu kontzientean burutu behar da; hots, aplikaturiko metodologiak ezagutzen dituzten profesionalekin.
  • Testuinguru aberatsa: Hemen gune publikoen eraikuntzak aukera handiagoa eskaintzen du. Ez da erraza herritarren interesa piztea legedia berria edo aurrekontuen gaineko erabakiak bezalako gaietan. Aldiz, hurbileko gune publikoen gaineko interesa piztea nahiko erraza da, Bartzelonako etxadi handien kasuan egiazta genezakeen moduan.
  • Dibertsitatea bilatzea eta ez kopurua: Oso garestia da eta ia beti utopikoa herritar guztiak parte hartzera deitzea. Parte hartzeko prozesu egokia da jakinduria eta iritzi guztiak ordezkatzen dituen hura: gai ezberdinen gaineko begirada aditua eta ukitzen dituen talde ezberdinena. Talde hori baliteke jende askok ez osatzea, baina beti nahiko anitza izan beharko du.


Amaitzeko, ideia hau indartuko dugu emaitza ona lortutako adibide oso hurbileko batekin. Portugaleteko Udalak, haurrentzako jolas gunea jartzeko gune publikoa eraikitzerakoan, haurrek parte hartuaz esperimentatu du. Hain zuzen ere, artikulu honetan aipaturiko lau faseren oso antzeko zikloa burutu du Arkitenteko Maria Aranaren dinamizazio adituarekin. Proiektuak Jolas Plaza izena hartu du, eta jadanik jarraipena izan du jolaserako guneak estaltzeko beste proiektu batean. Bideo hau ikustea gomendatzen dizuet; bertan, Mariak berak azaltzen du nola egin zen.

Arkitente gunetik hartutako argazkia, baimenarekin.

Ez zen soilik diseinu on bat eta auzoko premietara egokitzeko lan handiago bat lortu, zerbait askoz ere garrantzitsuagoa baizik: neska-mutiko haiek herritarren gaineko ikasgai garrantzitsua ikasi dute. Gure itxaropena dira, ez baita gobernu onik izango herritar onik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.