Irailaren 20an, ostegunean, beste topaketa bat egin genuen Faduran, parte hartzeko thinking Fadura prozesuaren esparruan. Oraingoan, kirol-instalazioak espazio publiko berri bilakatzea lortzeko aktibatu beharreko funtsezko alderdiak identifikatu nahi genituen, espazio berri horretan, parke libre bat eta Getxo Kirolakeko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak batera egon daitezen.
Orain arte, hainbat saio eta lan-tailer egin ondoren, elkarren artean erabaki dugu Fadurak kirol-parke irekia, inklusiboa, irisgarria, berritzailea, osasungarria eta iraunkorra izan behar duela, eta, prozesuan parte hartu duten 1.500 lagunek baino gehiagok nahi duten moduan, hiru helburu nagusi lortzera bideratu behar dela:
- Kirol-jarduerak eta jarduera fisikoak praktikatzea bideratzea.
- Ingurumena bera eta ingurumena zaintzearen inguruko kultura bultzatzea.
- Erabilera berriak erraztea, kirol-sektorean ekintzailetza bultzatuaz.
Jardunaldiari hasiera emateko, erakusketa interaktiboa egin zen Fadurako hallean, jasotako eskaerak artatzeko proposaturiko 45 irtenbideren aurrerapena erakutsi eta Fadurako instalazioak bisitatzen dituzten pertsonen iritzia in situ jaso ahal izateko. Aurrerapen horiek, abuztuaren 6tik irailaren 25era, online parte hartzeko plataforman ere ikus ahal izan dira, eta, emaitza moduan, diseinuan sartzeko hainbat ideia interesgarri jaso ditugu eta sakon aztertu beharreko zenbait alderdi ere bai.
Tailerrean 30 eta 65 urte arteko 52 lagunek parte hartu zuten: 18-30 (%3), 30-45 (%38), 46-65 (%51) eta +65 (%8). 52 pertsona horietatik 15 emakumeak ziren eta 37 gizonak; beraz, Getxo Kirolarentzat parte hartzeko prozesuan emakume gehiago lortzeak erronka izaten jarraituko du.
Tailerra Adriana Gabriela Raccak eta Iñaki Perezek eman zuten, biak Lego® Serious Play® metodologia berritzailean espezialistak; metodologia hiru dimentsioko ereduen eraikuntzan oinarritzen da, arazo konplexuak identifikatzeko, aztertzeko eta konpontzeko. Era horretan, indargunea da eraikitzeko, hausnartzeko eta ikasteko prozesua jorratzea, eszenatoki berriak erraztearren.
Ekitaldiaren irekieran, Amaia Agirrek, Getxoko Udaleko Komunikazio, Herritarren Parte-hartze eta Gardentasun Arloko zinegotziak, azaldu zuen, obraren aurreproiektuaren diseinuan espazio fisikoaren inguruan landuko diren 45 proposamenaz gain, entzuteko prozesuan beste era bateko proposamenak ere jaso dituztela. Proposamen batzuk zuzenean Getxo Kirolarekin lotzen dira, eta, esate baterako, honako hauek aztertu behar ditugu: aparkalekua, anezkak, seinale irisgarriak edo esertzeko soropil egokia. Beste batzuk, berriz, zuzenean edo zeharka Fadurako gainerako pertsonekin lotzen dira; hala nola, Fadura mendi-ibiliekin lotzea, baratzak sortzea, kanpaldirako guneak, Fadurara joateko haurrentzat bide seguruak edo lekuentzako izenen proposamenak.
Modu horretan eman zitzaion hasiera batera sortzeko saioari, etorkizuneko eszenatoki berriak zehazten hasteko asmoarekin. Bederatzi lan-mahai antolatu ziren, bakoitza bost edo sei lagunek osatua. Lan-mahai bakoitzak gaurtik aurrera nahi den etorkizunerako bidea egin ahal izateko eta instalazioekin eta horien kudeaketarekin harreman osasungarria eta iraunkorra izateko jorratu beharreko erronkak identifikatu behar zituen.
Bertaratutakoen interesa piztu zuten erronka nagusiak bost izan ziren, eta horiek lantzen hasiko gara:
- Nola hautsi Faduraren isolamendua, sartzeko eragozpen fisikoak nahiz auzoekiko konexioa, seguruak izatea bermatuaz?
- Nola sortu lankidetzaren eta autonomiaren inguruko kultura kluben artean?
- Nola inplikatu pertsona abonatuak eta erabiltzaileak haiei eragiten dieten eguneroko alderdietan: garbitasuna, mantentze-lanak, zerbitzuak,…?
- Nola lortu Fadura gune irisgarri unibertsala izatea?
- Nola kudeatu aldaketa eta eraldaketa: obrak eta espazioen erabilera trantsizioan zehar?
Gainera, topaketara joandako pertsonek identifikatutako erronkaren batean lan egiteko borondatea erakutsi zuten. Zuk ere parte hartuko zenuke bost erronka horietako batean? Horrela bada, bidali mezua helbide honetara: thinkingfadura@getxo.eus. Zure zain izango gara!
Hurrengo urratsak
Datorren urriaren 18an, 19:30etik 21:00etara bitartean, lan-saio bat egingo da aurreproiektuen lehen zirriborroetan jasotako proposamenak lantzeko. Egun berean, mahai-inguru bat ere egingo da segurtasunari buruzko kontzeptuaz hitz egiteko, entzuteko prozesuan etorkizuneko parke irekiaren erronka nagusietariko bat bezala ikusi baita. Datozen egunetan horren berri ematen joango gara.
Azkenik, azaroaren 29an, ordutegi berean, behin betiko aurreproiektuak aurkeztuko dira prozesuaren bigarren fase hau ixteko saioan.
Parke hau Getxoko herritarrekin batera eraikitzen ari gara. Zure lankidetza ezinbestekoa da Faduraren etorkizunerako. Aurrera jarraitzen dugu!
2 thoughts on “Kirol-parke berrirako bidea egiteko bost erronka”
Thinking…?…piensen ustedes en el dia a dia del socio que no es posible alquilar una sola pista de tenis, padel o futbol… Thinking ezazu!!!
Hola Txomin,
el resultado del proceso refleja bien esa dificultad para reservar instalaciones. De ahí que se vayan a construir más pistas cubiertas de tenis y pádel. Gracias por compartir tu opinión y esperamos resolver estas deficiencias lo antes posible.
Un saludo