Parte hartze prozesuaren ibilbidea

thinking Fadura parte hartzeko prozesua informazioa emateko saioarekin jarriko da abian, eta saio irekia izango da, prozesuan parte hartu edo prozesua ezagutu nahi duten guztientzat. Apirilaren 19an izango, da, 19:30ean, Fadurako Ekitaldien Aretoan.

Parte hartzeko prozesuan ahalik eta jende kopuru handienak eta pertsona ezberdinek parte hartzearren, ‘thinking Fadurak’ parte hartzeko bi bide nagusi prestatu ditu: lan-saio presentzialak eta plataforma digitalerako sarrera.

2018ko apirila eta iraila artean, parte hartzeko hainbat saio presentzial egingo dira herritarrekin eta udalerriko talde espezifikoekin: Getxo Kirolakeko pertsona abonatuak, kirol-klubak eta -elkarteak, eskola-komunitatea, gazteak eta pertsona adituak.

Aldi berean, plataforma digitalaren bidez parte hartu ahal izango da 2018ko apirilaren 20tik irailaren 30era bitarte. Parte hartzeko prozesuaren ibilbidean ziklo hauek jarraituko dira:

Premiak eta aukerak detektatzea

Apiriletik aurrera plataforma digitala erabili ahal izango da, Getxoko herritar guztiek online parte hartu ahal izateko, informazioa biltzearren eta premiak eta aukerak detektatzearren.
Aldi berean, maiatza eta ekaina artean, talde ezberdinekin entzuteko saio batzuk egingo dira, diagnostikoan jasotako gakoak kontuan hartuta, Fadurako espazio ezberdinen premiak eta aukerak egiaztatze eta adoste aldera: mugikortasuna eta irisgarritasuna, jarduerak eta erabilerak, espazioen kudeaketa eta segurtasuna, besteak beste.

Ideien eta proposamenen bilketa

Abuztutik aurrera eta irailera bitarte, kirol-parke berria berriz diseinatzeko proposamen zehatzak jasotzeko denboraldia abian jarriko da. vo.

Lehenik eta behin, abuztuan, plataforma digitala irekiko da ideiak jasotzeko. Irailaren 20an, berriz, saio presentziala egingo da, denak batera, prozesuan parte hartutako talde eta parte-hartzaile ezberdinekin, entzuteko fasean jasotako informazioa egiaztatzeko eta Fadurako parke berria diseinatzeko ideiak eta proposamenak jasotzeko helburuarekin.

Emaitzen ebaluazioa eta itzulera

Urriaren 18an, lan teknikoen erdi-erdian, tarteko informazio-saioa burutuko da parte hartzeko prozesuaren emaitzak egiaztatzeko eta ebaluatzeko.

Dagozkion aldaketak egin eta gero, azaroaren 22an, azken saioa egingo da parte hartzeko prozesua eta paisaia eta hiri antolamenduko aurreproiektua —Getxoko udalerriko herritarrek egindako hausnarketen eta ekarpenen emaitza— ezagutzera emateko; hots, Fadurako kirol-parke berriaren aldaketa gidatuko duena.