1. fasea. Analisia eta diagnostikoa

Baina, zertarako balio du parke batek?

Ekonomialari eta aholkulari independentea Hirien eta Lurraldeen Kudeaketaren eremuan, aditua Kirol Politiketan eta Jarduera Fisikoaren Sustapen Politiketan.
Aholkulari- lanetan kirolarekin eta hirien kudeaketarekin lotutako proiektu ezberdinak eta kirolean oinarritutako Toki Garapeneko Planak zuzendu ditu, eta haiek diseinatzen eta martxan jartzen lagundu du.
Milaka artikulu idatzi ditu, eta hitzaldiak eman ditu hirien eta lurraldeen garapen iraunkorraren, osasunaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren artean dagoen harremanari buruz.

Hiriko parkeen sorrera

Duela 200 urte baino gehiago konturatu ginen hirietan natura barneratzeak zer-nolako garrantzia zuen. 1784ko apirilaren 26ko Errege Aginduak hirigintzaren eta osasunaren aldeko joera argia zuten korrejidore eta alkateen eskumenetako batzuk zerrendatu zituen, horien artean “pertsonen aisialdi eta olgetarako” balio izango zuten zuhaitzez betetako paseo publikoak sortzea.
XIX. mendearen hasieran medikuak hasi ziren salatzen gaixotasunen zergati nagusiak biztanleriaren bizi-baldintza penagarriak, haien pilaketa eta pobrezia orokortua zirela. Louis Pasteur-en, eta, beranduago, Robert Koch-en ikerketek mikroorganismoen eta kolera eta tuberkulosia bezalako gaixotasunen kutsapenaren arteko lotura egiaztatu zuten. Inguruneak sortzen zuen gaixotasuna.

Iraultza Industrialaren ondorioz, nekazari-exodo garrantzitsua gertatu zen industria biltzen zen hiriguneetara. Hiriak izugarri hazi ziren eta biztanleek baldintza osasungaitzetan bizi behar izan zuten.
Hiri-diseinu osasungaitz horrek hiritarren nahigabea eragin zuen, eta ikusita matxinada eta desordena sozialak eragin zitzakeela, korronte berri bat sortu zen: higienismoa. Gobernatzaileek hiri-diseinuaren eta haren biztanleen osasunaren artean zegoen harremana ulertu zuten, eta gizartean gero eta nabarmenagoa zen nahigabeak eragin zitzakeen ondorioen beldur, hiri-diseinuan neurriak hartzen hasi ziren, biztanleriaren osasun-arazoak arintzeko xedez.

Kezka higienista horretan oinarrituta, azpiegitura ezberdinak egin zituzten, hala nola Parisko galeria eta hobien inbentarioa (1805), Chadwick-en Londresko Public Health Act (1848), eta Belgrand-en (Haussman-en ingeniaria) Parisko sarearen sorrera sistema unitarioarekin. Beste batzuk ere joera berdina jarraitu zuten, horren adibide dira hirian landaredia sartzea, Londresko hiri inguruko parkeak eta New Yorkeko Central Park.
Europako eta Ipar Amerikako hiri garrantzitsu gehienetan joera higienistak indar handia hartu zuen, eta hiri-eremuan natura sartzen hasi ziren. Izan ere, hiriek ulertu zuten ingurune industrializatuen barruan jolastoki naturalak, oasiak alegia, hornitu behar zituztela. Ulertu zuten ingurune natural haiek balio sozialak, estetikoak, pedagogikoak eta terapeutikoak zituztela, eta horiek eskuragai zeudela biztanleentzat.

Frederick Law Olmsted arkitekto paisajista, kazetari eta botanikari estatubatuarrari eman zioten New Yorkeko Central Park eta garaiko parke garrantzitsuenetako batzuk diseinatzeko ardura. Argudio hauek eman zituen:
Hiri-ezaugarri honen balioa aire zabalean buru-okupazio alaia eta ariketa egiteko beharrak aseko dituzten eta emaitza gisa bizitzako proba eta eginbehar guztiei aurre egiteko osasun eta forma fisiko hobeak lortuko dituzten hiritarrak erakartzeko egokitzen den mailaren araberakoa izango da. Horrekin batera, nahitaez, diru-sarrera handiagoak eta zergadun gaituak lortuko dira, eta, beraz, hiriak inbertsio horretatik etekina atera ahal izango du (1)“.

Argudio ekonomikoa ez da oraingoa, jada garai hartan Olmsted-ek bere proiektuak justifikatzeko erabili behar izan baitzuen. Ildo horretatik, uste zuen parkeek industria-lanaren eta etxebizitza-urritasunen ondorioz osasun-arazoak zituzten langileei sendatzen laguntzeko balio behar zutela. Olmsted-ek argudio ekonomiko hori erabiltzen zuen parkeetan egindako inbertsioa justifikatzeko, langileak sendatzen zirenean haren itzulkina argudiatuz.

Parkeen inpaktua hirietan

Parkeak sartzeko beharra arautzen hasi zenetik 200 urte baino gehiago igaro dira, baina oraindik ikerketak egiten ditugu haren existentzia justifikatzen saiatzeko. Milaka ikerketa daude parkeek hiritargoan duten eragin positiboen inguruan.

Parkeek inpaktu oso garrantzitsua dute hiritarren osasunean, oso alderdi ezberdinetan; baina beste efektu batzuk ere aipagarriak dira.

Parkeek jarduera fisikoa bultzatzen dute. Ikerketa ezberdinek egiaztatu dute bizitegi-zonetatik hurbil parke eta ingurune naturalak daudenean biztanleek jarduera fisiko handiagoa egiten dutela (2).

Egiaztatu da parkeak gertu izatea faktore garrantzitsu bat dela hiritarren osasun mentalerako. Parkeek hiriaren estresaren eta depresioaren murrizketan nabarmen eragiten dute (3).

Beste mutur emozionalean, zenbait lanek diote hiri-parkeen gertutasunak ongizatea eta zoriontasuna areagotzen dituztela. Britainiar ikertzaileek 10.000 bat britainiar inkestatu zituzten haien bizitzekin zenbateraino zeuden pozik eta buru-larritasunaren seinale orokorrik zuten ikusteko. Psychological Science aldizkarian, ikertzaileek baieztatu zuten berdegune gehiago edukitzeak bizitzarekiko asebetetzea nabarmen areagotzen zuela (4).

Ikuspegi dramatikoago batean, parkeek hilkortasuna murrizten dute, bereziki arnas gaixotasun ez kaltegarriekin lotuta dagoena (5). Metanalisi batek aurretiazko ikerketa batzuk berrikusi zituen, eta horietan “berdegune kopurua eta kausa guztien ondoriozko hilkortasuna erlazionatzen zituzten “froga sendoak” topatu zituen, eta hilkortasun hori jasotako osasun orokorrarekin lotzen duen “ebidentzia moderatua” ere bai (6).

Espezialki aipagarria da parkeek neska-mutilen osasunean eta garapenean duten eragina. Nebraskako Unibertsitateko Anne Schutte-k eta Julia Torquati-k eta Troy-ko Unibertsitateko Heidi Beattie-k agerian utzi zuten zuhaitzek garapen-fasean zeuden buru gazte eta osasuntsuen arreta lehenera zezaketela. Neska-mutilen arreta neurtzeko proba bat egin zen. Lehenbizi, helburu bat ikusi zuten ordenagailuaren pantailatik ateratzen, eta horren atzetik distrakzio bat (puntu horia); orduan, kurtsorea arreta-proba izan zen helmugaren punturaino eraman behar zuten, eta, modu horretara, zenbaterainoko memoria eta kontzientzia espaziala zuten neurtu zen. Parkeko naturatik paseatu zuten neska-mutilek askoz ere azkarrago erreakzionatu zuten hiri-ingurunetik paseoa egin zutenek baino, eta naturatik paseoa eman zuten eskolaurreko horiek kurtsorearekin zehaztapen espazial are handiagoa egin zuten (7).

Hiri-parkeek atmosferaren kutsadura murrizten dutela zabal egiaztatuta dago. Zuhaitz-hostoek gasak xurga ditzakete, eta landarearen gainontzeko atalek partikulak gordetzen dituzte.

Parke publikoek ere ekitatea susta dezakete hiriburu batean. Pertsona guztiei (haien gizarte, ekonomia, arraza- edo genero-baldintzak edozein direla ere) ariketa egitea ahalbidetzen dien parke publiko, irisgarri, seguru eta kalitatezko batek bidezko ingurune bat eta gizarte-kohesioa sustatzen ditu. Parkeen banaketa, diseinu eta kudeaketako politika on batek gizarte-dinamika positiboak sor ditzake. Hiritar guztiek parkeetan sartzeko eskubidea eduki behar dute, baita haien ingurune naturalaz eta jolas-baliabideez gozatzeko ere. Baliabide komun horietara sarbide zuzen batek jatorri kultural, onarpen sozial eta maila ekonomiko ezberdinetako pertsonen arteko topaketa erraztuko du. Egiaztatu da hiri-ingurune narriatuetan parkeak sortzea tresna interesgarri bat dela zentraltasun berriak, hots, hiriburuetan hiri-oreka hobetzen duten erakarguneak, sortzeko. Parke ezagunen inguruan bizi diren pertsonek aitortzen dute erkidegoarekin lotura handiagoa eta udal-gobernuarekin asebetetze-maila handiagoa dutela. New Yorken egindako galdetegi batek agerian utzi zuen pertsona horiek % 14an joera handiagoa zutela poliziaren lana positiboki baloratzeko, eta % 13an aukera handiagoa alkateak egindako lanarekin pozik egoteko. Ondorio horiek oso ‘baliotsuak’ dira edozein udal-gobernurentzat(8).

Gainera, parkeak pertsonen topaguneak izan daitezke. Pertsona haiek kapital soziala eratzen dute, eta erkidegoaren ideia eta inguruneko auzoen dinamikak indartzen dituzte.

Gainera, parkeek etekin ekonomikoak sortzen dituzte hiriburuentzat. Frederick Law Olmsted-ek baieztatu zuen bezala, parkeak ikuspegi ekonomikotik inbertsio on bat izan daitezke.

Osasun-hobekuntzen inpaktu ekonomikoa, hilkortasunaren gutxitzea edo lehen deskribatutako efektuen ondorioz produktibitatean emandako hobekuntzak frogagarriak dira, eta ekonomikoki balora daitezke. Osasun-kostuaren murrizketa, bizitzaren balio estatistikoa, absentismoaren murrizketa edo produktibitatearen hobekuntza baloratzeko metodo ezberdinak daude.
Parkeen inpaktu ekonomikoa baloratzeko metodo hedonikoa edo prezio hedonikoak erabiltzen dituzten ikerketek erakusten dute parke baten inguruan dauden etxebizitzek eta pisuek balio handiagoa dutela ezaugarri berdinak dituzten baina parkeetatik urrunago daudenek baino. Parke baten sorrerak gertuko etxebizitzen balio ekonomikoa areagotzen du. Horrek positiboa dela badirudi ere, zuhurtziaz hartu beharra dago; izan ere, udal-agintariek neurririk hartzen ez badute, parke baten sorrerak gentrifikazio-fenomenoa edo errenta txikieneko pertsonen kaleratzea eragin dezake, ekonomikoki hobeto dauden taldeen mesedeetan. High Line de Nueva York kasua sakon aztertzea merezi du.

Hirietako parkeek turismoan ere inpaktu ekonomikoa dute. Historikoki, hiriburu askok parke enblematikoak sortzearen alde apustu egin dute, ospea ematen zietelako. Ikerketa gehienak parke horiek hiriburuetara turismoa erakartzeko duten gaitasunean oinarritzen badira ere, kontuan eduki behar da pizgarri hori normalean hiri handietan ematen dela. Jendea ez doa New Yorkera Central Park ikustera, hiriburura doa dituen pizgarri guztiengatik, eta horietako bat da Central Park. Parkea ez da pizgarri nagusia izaten, turismorako gune bat baizik, aukera zabalago baten barruan. Edozelan ere, kontuan eduki behar da hiriburuan zenbait parke erakusgarri edo parkeen sare on bat edukitzea erakargarria dela turismorako. Parke horiek hiri-ingurunearen kalitatearen elementu esanguratsuak izan daitezke, eta hiriburua erakargarriagoa egin dezakete turismorako. Parkeak agian ez dira turismoaren pizgarri nagusia, baina hiria bisitatzen duten pertsonek bizitako esperientzia hobetzen dute.

Aintzat hartu beharreko beste alderdietako bat hiri-ingurunearen hobekuntza eta sormen eta ezagutzazko enpresentzat duten erakargarritasuna da. Egile ospetsuen baieztapenak aintzat hartzen baditugu, esaterako Richard Florida eta haren “sortze-motari”(9) buruzko teoria, uler dezakegu eremu publikoen zuzkidura on bat duen hiri-ingurune atsegin bat pizgarri bat dela ezagutzaren gizarte berriari egokitutako negozioak sortzeko gai diren pertsona sortzaileentzat. Baina Richard Florida-ren optimismo liberaletik harago, atzeko ideia ulertzea garrantzitsua da, hots, parke baten ingurunea ekimen sortzaileak eta berritzaileak sortzeko giro egoki bat izan daitekeela.
Milaka ikerketek egiaztatu dute parkeek eragin ekonomikoa izan dezaketela. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da Olmsted-en ikuspegia aldarrikatzea, haren ustetan parkearen xedea aisialdia ez ezik naturarekin dugun harremanean, eta, bereziki, pertsonen arteko hartu-emanean egiten dugun inbertsio soziala ere badelako. Parke onak edukitzea hiri/gizarte baten garapen demokratikoaren neurri on bat da.

Diseinua: pertsonak ulertzea garrantzitsua da

Baina parke guztiek ez dituzte efektu positibo berdinak. Badira funtzionatzen duten parkeak, eta funtzionatzen ez dutenak. Parke batzuk bizitasuna eta dinamismoa erakusten dizkigute, eta beste batzuk ez dute ezer erakusten, benetako hiri-hutsuneak direlako. Parke batzuk denbora luzez nagusitu den ‘maketismo ilustratuaren’ adibide dira, goitik begiratuta diseinatutako eta maketa gisara sortutako parkeak alegia. Beste parke batzuk, aldiz, badirudi egunero gozatzen dituzten pertsonek eurek egin dituztela. Horixe da gakoa, parkeko erabiltzaileak ulertzea alegia; hau da, zer behar, interes, irrika eta proposamen dituzten. Horregatik, hiritarrek parkearen diseinuan parte har dezatela ikuspegi interesgarria da haren diseinuarekin asmatzeko.

Parkearen —eta, orokorrean, hiriburuaren— diseinuak gure gizarteen bilakaera demografikoa aintzat hartu behar du. Erkidego barneratzaile eta anitz bat planifikatzea lehentasun bat izan behar da pertsona guztiek haien bizi-kalitatea areagotuko duten parkeetara sarbidea izan dezaten. Horrenbestez, gure hiriburuen diseinuak eboluzionatu egin behar du joera demografikoak aprobetxatzeko eta biztanleria aldakorrak dituen beharrei erantzuteko.
Hala ere, zenbait muga jarri behar dizkiegu proposamen parte-hartzaileei.

Parkeen diseinuarekin lotutako prozesu parte-hartzaileetan izan dudan lanbide-esperientzian ohartu nahiz halako joera bat dagoela etorkizuneko parkearen diseinuari gauza gehiegi eskatzeko. Prozesu parte-hartzaileetan parkea elementu gehiegiz bete dezaketen nahien eta proposamenen zerrenda bat sortzeko joera dago, eta, ondorioz, parkeak hasiera batean zuen zentzua gal dezake. Ekipamenduek, asfaltoek, jokalekuek eta hiri-altzariek parkeari kalitatea eman eta haren dinamizazioa susta dezakete; aldiz, eremu irekia kentzen diote. Prozesu parte-hartzaile batean pentsatzen denean “zer nahi duzun egotea” abiapuntutzat hartzea, “zer nahi duzun gertatzea” beharrean, sartzeko elementuen proposamen materialak egiteko joera izaten dugu. Baina ez dugu ahaztu behar parkeko garrantzitsuena —eta ia edozein eremu publikorena ere— bertan gertatutakoa dela. Parkean sartzen diren elementu materialak gauzak gertagarri egiteko tresnak besterik ez dira.

Parke batek barne hartu behar duenaren inguruan erabakitzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da zer ez den sartu behar erabakitzea, parkeaz gozatuko duten pertsonak bezainbesteko erabilera eta funtzio ezberdinak ahalbidetuko dituzten eremu irekiak maximizatze aldera.
Plangintzan esaten da estrategiak ezartzerakoan egingo denaren eta egingo ez denaren inguruko erabakiek balio berdina dutela. Bada hori parkeko diseinuaren gakoetan bat da, hots, berezko estrategia ezartzea. Aparteko estrategia hori sortu behar duten berezko ezaugarriak dira zergatiak, kokapena, tokiaren eta ingurunearen ezaugarriak eta biztanleria.

Kalitatea eta dinamizazioa

Parke zoragarri batzuetan apenas gertatzen da apartekorik, eta beste parke sinpleago batzuk milaka jarduera, eremu dinamiko, truke sozial eta kulturalaren gune dira. Gaur egun, hirietako parke askok haien ekipamenduen aisialdi-aukerez aparte jarduera gutxi dituzte eskaintzeko, eta ez dituzte adinekoak, nerabeak edo egunero oinez ibiltzeko edo esertzeko toki bila dabiltzan pertsonak erakartzen. Parkearen diseinua garrantzitsua da, baina haren kudeaketak edo kalitateak ematen diote berezitasun edo hutsaltasun hori.

Parkea diseinatzean erkidegoak zer kezka eta behar dituen aztertzea ezinbestean eman beharreko lehenengo urratsa da, baina ez da nahikoa. Parkearen plangintzan zein kudeaketan erkidegoaren aktiboak sartzea erabaki behar da. Ondorioz, erkidegoak parkerako ikuspegi berria garatuko du.

Torontoko Wellesley institutuko Nadha Hassen ikertzaileak literatura akademikoaren berrikusketa ikerketa interesgarri bat egin zuen berdegunearen eta osasun mentalaren arteko loturari dagokionez, eta auzoterian aurkitutako ekitate faltekin nola gurutzatzen den azaltzen duen azterketa xehatua ere bai.

Nadha-ren ikerketaren emaitza interesgarrienetako bat ongizatean positiboki eragiteko faktore moduan parkeko kalitateari emandako enfasia izan zen. Maiz, ikerketek berdeguneen kopuruari edo sarbideari buruzko alderdi kuantitatiboak aztertzen dituzte, bai etxebizitzen eta parkeen arteko distantzia neurtuz edo auzoteria batean zenbat berdegune dagoen zehazteko satelite bidezko irudiak erabiliz. Baina konturatu zen gai hori subjektiboagoa zela, eta neurtzeko zailagoa ere (parkeen kalitatea esaterako), eta benetan eragin handia zuela biztanleriaren ongizatean.

Nadha-k kalitate-neurri hauek topatu zituen: espezieen aberastasuna eta bioaniztasuna, estetika atsegina, garbitasuna, mantentze ona, lasaitasuna, argiztapen ona, hiri-ekipamenduen eta -altzarien erabilera, ura, eta, oso garrantzitsua dela, hautemandako segurtasuna.

Baina espazioaren kalitateaz gain, jardueren programazioa ezinbestekoa da hura dinamizatzeko. Parke on batek jarduera mota ugari eskaintzen ditu parkeaz gozatuko duten adin-talde eta pertsona-mota ezberdinentzat. Garrantzitsuena soziabilitatea da, hots, parkeak erkidego-bizitzaren barruan beste pertsona batzuk ezagutzeko tokia izan behar du. Benetan garrantzitsuena gauza horiek gertatzea da, parkean aldaketak egitea, eta aldaketa horiek bizitzea eta zer erabilera ematen zaien balioztatzea.
Udalaren kudeaketa publikoaren ikuspuntutik, parkeak udal-eremu ezberdinen baliabide-zorroaren parte izan behar du, eta gizarte- eta erkidego-agente ezberdinena ere bai. Hezkuntza, Kultura, Euskara, Kirol, Sustapen Ekonomiko eta Gizarte Zerbitzuen eremuko administrazioak eta agenteek parkea beren jardueren garapenerako eremutzat hartu behar dute.

Parkeen kasuan, badirudi garrantzitsuena haiek zabaltzea dela, beste gune eta ekipamendu publiko batzuk baino hein handiagoan, eta behin zabaldu direnean, oinarrizko xedea bete dela. Alde batera utz dezagun ideia hori. Parkea erkidegoaren aktibo bat da, eta ondo kudeatu behar da. Ondo kudeatzeak jarduera publiko, sozial eta hiritarren dinamizazioaren artean oreka bat bilatzea esan nahi du. Egin ditzagun gauzak parkean, baina utz dezagun bertan gauzak gerta daitezela ere. Parkea abandonuaren ondorioz hil daiteke, baina baita akiduraren ondorioz ere. Oreka lortzea da kudeaketa on baten erronka.


(1) Olmsted, F.L. (1979): “To the owners of Mount Royal” en S.B. SUTTON (ed.): Civilizing American Cities. A selection of Frederick Law Olmsted’s writings on city landscapes, The MIT Press, Cambridge (Massachusetts) y Londres, 1979.

(2) Deborah A. Cohen, Thomas L. McKenzie, Amber Sehgal, Stephanie Williamson, Daniela Golinelli, Nicole Lurie, “Contribution of Public Parks to Physical Activity”, American Journal of Public Health 97, no. 3 (March 1, 2007): pp. 509-514.

(3) Marc G. Berman, John Jonides, Stephen Kaplan (2008) The Cognitive Benefits of Interacting With Nature, Psychological Science Vol 19, Issue 12, pp. 1207 – 1212

(4)  Mathew P. White, Ian Alcock, Benedict W. Wheeler, Michael H. Depledge (2013) Would You Be Happier Living in a Greener Urban Area? A Fixed-Effects Analysis of Panel Data. En Psychological Science Vol 24, Issue 6, pp. 920 – 928

(5) Villeneuve, P.J; Jerrett;, M, Su, J.G; .Burnett, R.T; Chen, H; Wheeler, A.J; Goldberg, M.S. (2012) A cohort study relating urban green space with mortality in Ontario, Canada. En Environmental Research. Volume 115, May 2012, Pages 51-58

(6) Van den Berg, M; Wendel-Vos, W; Van Poppel, M; Kemper, H; Van Mechelen, W; Maas, J (2015) Health benefits of green spaces in the living environment: A systematic review of epidemiological studies. En Urban Forestry & Urban Greening. Volume 14, Issue 4, 2015, Pages 806-816

(7) Schutte, Anne R.; Torquati, Julia; and Beattie, Heidi L., “Impact of Urban Nature on Executive Functioning in Early and Middle Childhood”. Faculty Publications, Department of Psychology. 677.

(8) Disponible on-line: http://centerforactivedesign.org/assembly-civic-engagement-survey

(9) Florida, R. (2010) La clase creativa: la transformacion de la cultura, del trabajo y el ocio en el siglo XXI. Barcelona: Paidós Ibérica.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.