3. fasea. Proiektuen sustapena

Getxo Kirolak-ek seinaleen gida irisgarriagoa eta inklusiboagoa estreinatu du, parkean eta kirol-instalazioetan aplikatzeko

Thinking Fadura proiektuaren barruan egiten ari diren esku-hartzeek jarraibide espezifikoak eskatzen dituzte, espazioetan pertsonak modu autonomoan orientatzea nahiz ingurunea oro har ulertzea bermatuko duen seinaleztapen-sistema bat izateko, Fadurako parkean eta kirol-instalazioetan ez ezik, Andra Mari eta Gobelako kiroldegietan ere mugikortasun arina erraztearren.

Era horretan, behar horri erantzuteko, Getxo Kirolak-ek seinaleen eskuliburu bat egin du hainbat fasetan, eta horietako bakoitza ezinbestekoa da irisgarritasun unibertsalaren, inklusioaren eta iraunkortasunaren printzipio orokorrak beteko dituen emaitza ziurtatze aldera: (I) irisgarritasuna: pertsona guztiek informazioa ulertzea bermatzea, hizkuntza argia eta formatu grafiko desberdinak erabiliz; (II) inklusioa: identitate guztiak errespetatzea, ikonografia unibertsalaren eta sinbologia neutroaren bitartez; (III) iraunkortasuna: material iraunkorrak erabiltzea, Getxoko ingurumen-konpromisoarekin bat egiten dutenak, ekonomia zirkularra ere sustatuz.

Proiektuaren lehen fasean, Getxo Kirolak-en instalazioetan zegoen seinaletikaren inbentarioa egin zen. Gainera, eraikin publikoetarako seinaleztapen-araudiei buruzko informazioa bildu eta Focus Group bat burutu zen, proposatutako diseinua kontrastatzeko, batez ere piktogramena. Talde horretan, instalazioetako adin askotako erabiltzaileek parte hartu zuten, eta, bertan jasotako iradokizunak kontuan hartuta, diseinuaren proposamena zehaztu ahal izan zen. Modu horretan, piktograma guztiak begirada unibertsal batetik sortu dira, denbora zehar iraun dezaten eta edozein testuingurutara egokitu daitezen.

Lan horren ondorioz seinaleen inguruan egindako eskuliburua hiru eremu nagusitan egituratzen da: batetik, oinarrizko elementu komunak, hots, tipografia, hizkuntza-politika, sinboloak, koloreak eta horiek marka korporatiboarekin integratzea, arkitektura eta euskarriak garatzeko proposatutako materialak; bestetik, barruko espazioetako elementuak seinaleztatzeko jarraibide espezifikoak; eta, azkenik, kanpoan kokatutako elementuetarako jarraibide espezifikoak.

Behin eskuliburua osatuta, proiektuan prototipatze-fasea garatuko da. Urte honen amaieran, jarduera bat burutuko da gida Fadurako eraikin nagusiko aldageletan prototipatzeko, eta behaketa-aldi baten ondoren, gainerako udal-kiroldegietara estrapolatuko da.

Getxo Kirolak-ek seinaleen sistema propioa garatu du, beste testuinguru edo administrazio batzuetara eraman daitekeena. Horren helburua da Fadurako kirol-parkean eta instalazioetan orientazioa eta mugikortasuna erraztea. Sistema hori pixkanaka-pixkanaka ezarrita, Getxo Kirolak-ek urrats garrantzitsua egin du pertsona guztiek ingurune irisgarriagoa eta bidezkoagoa izan dezaten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.