Parte hartze prozesuaren ibilbidea

thinking Fadura-ren garapenak hiru fase izango ditu: lehenbizikoan gaur egungo parkearen eta haren instalazioen diagnostikoa egingo da, bigarrenean kirol-parke berriaren aurreproiektua osatzeko herritarren parte-hartzea sozializatu eta suspertuko da, eta hirugarrenean aurreproiektu horretatik eratorritako proiektuak sustatuko dira.

thinking Fadura
2024 Ira

Fadurak hiri-berrikuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin du obra eta proiektu berriei eutsiz

2024ko hirugarren hiruhilekoan, parkea urbanizatzeko gida osatu da, parkeko egungo eta etorkizuneko espazioak berrantolatzeko eta naturalizatzeko gidalerroak ezartzen dituen funtsezko dokumentua. Gida honek materialtasuna, landaretza, zoladura mota, argiztapena, altzariak eta itxiturak bezalako elementuak definitzen ditu. Uztailean, proiektuak lehenesteko beste lanaldi bat egin da, eta aukera eman da jarduerak antolatzeko, bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ebaluatzen dituen irizpide anitzeko analisi batean oinarrituta. Abuztuan, frontoien eraikinaren egitura sendotzeko obrak hasi ziren, birgaitze integrala egin aurretik haren segurtasuna bermatzeko funtsezko urratsa baita, eta instalazioetan eta aldageletan hobekuntzak egingo dira. Irailean amaitzen da obren lehen fasea garagardotegi zaharraren beheko solairuan, Faurako gizarte- eta kirol-zentro berrian, 850 m² erabilgarriko azalera duena. Gainera, hilabete honetan bertan, eraikinaren bigarren solairua egokitzeari ekiten zaio, eta berrikuntza-gune bihurtuko da kirol-sektoreari lotutako enpresentzat.

2024 Urt

thinking Fadurak aurrera jarraitzen du azpiegituren proiektu garrantzitsuekin

2024ko urtarrilean, Getxo Kirolakek lizitaziora atera zuen frontoien eraikinaren egitura birgaitzeko obra, eta, ondoren, eraberritze integrala egiteko plangintza ere egin zen, egungo kirol-beharrak asetzeko (instalazioak, aldagelak eta abar) nahiz eraikinaren kanpoaldea berrurbanizatzeko.

2024ko martxoan, parke osorako seinaleen proiektuaren lehen edizioa osatu da, eta Fadurako kanpoaldeko eta barruko espazioak seinaleztatzeko jarraibideak ezarri dira, Fadurako eraikin nagusiko behe solairutik hasita.

2024ko apirilean, abian izango da herritarrekin eta inplikatutako eragileekin kontrastatzeko prozesua, garagardotegi zaharrena kokatutako gizarte- eta kirol-zentro berriaren erabilerak eta jarduerak zehazteko.

2023 Api

Berrikuntza iraunkorra Faduran: hiri-integrazioa eta segurtasuna komunitate aktibo batentzat

2023ko bigarren hiruhilekoan, hirigintzako esku-hartze proiektua egin zen, eraikin nagusiko, frontoien eraikineko eta parkeko aparkaleku nagusiko aparkalekuak berrantolatzeko asmoarekin, espazioen naturalizazioa eta ingurunearekin integrazioa kontuan hartuta.

2023ko ekainean, proiektu berri bat aktibatu zen, Fadurako eraikin nagusiko bigarren solairurako ekodiseinuko altzarien (ekonomia zirkularra) proposamena diseinatzen jarraitzearren.

2023ko urrian, sarrerak kontrolatzeko sistema bat ezarri zen atletismoko, errugbiko eta belodromoko eremuetan, aldageletan, eremu komunetan eta igarobideetan instalazio horien erabiltzaileek segurtasun handiagoa izatearren.

2023ko amaiera aldera, garagardotegi zaharraren eraikinaren ondoko kanpoko saskibaloi-kantxak estaltzeko exekuzio-proiektua aktibatu zen, modalitate hori eta beste batzuk praktikatuz gehiago erabiltzeko, aldakortasun handiagoa emanez.

2023ko abenduan, parkea urbanizatzeko jarraibide komunak ezartzen dituen proiektua amaitu zen, eta, era horretan, parkean ezarri beharreko altzari, argiztapen, zoladura eta landarediari buruzko orientazio argiak eman ziren.

2023ko urtearen azken egunetan, Fadurako parkearen iparraldean kokatutako bi informazio-etxola komunikazio-gune berri bilakatu ziren, abian zeuden edo lehentasuna zuten proiektuen berri emateko, ahalik eta azkarren gauzatzearren.

2022 Mai

Fadura aurrera doa iraunkortasunaren eta berrikuntzaren bidean: instalazio eta zerbitzu berriak abonatuen eta erabiltzaileen neurrira

2022ko maiatzean, Fadurako eraikin nagusiko ikasketa-eremuan, ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarritutako altzariak estreinatu ziren, erabiltzaileek parte hartzeko tailerren bidez diseinatuta.

2022ko urtearen amaiera aldera, ekipamendu berriaren obrak egiten hasi ziren garagardotegiaren eraikin zaharrean. Espazio horrek 850 m2 erabilgarri ditu eta 2.100 m2-ko kanpoaldea, eta bertan kirol-kluben kirol- eta gizarte-jarduerak egingo dira, sektore horretan berrikuntza-gunea izatearekin batera.

2023ko urtarrilean, bizikletak eta patineteak aparkatzeko sistema berriaren lehen prototipoa ezarri zen Fadurako eraikin nagusian. Sistema hori garatzeko, erabiltzaileek, Getxo Kirolakeko langileek eta arlo horretan adituak diren pertsonek beren beharrak adierazteko prozesu bate jorratu zen.

2023ko otsailean, atletismo, errugbi eta belodromoko harmailen eraikina birgaitzeko obra- eta exekuzio-proiektuak idazteko lanak aktibatu ziren. Handitze-lan horiei esker, areto, bulego, biltegiratze-gune edo aldagela berri gehiago jarri ahal izango dira, eguraldi txarra egiten duenean, harmailetan dagoen jendeak erosotasun eta babes handiagoa izatearekin batera. Parte hartzeko prozesuan egindako lana abiapuntu gisa hartuta, kontraste bat egin da inplikatutako eragileekin, esku-hartze hori jorratzeko obra-proiektuaren lizitazio-pleguek zer-nolako baldintzak bete behar dituzten zehatzago ikuste aldera.

2022 Mar

Kirol-parkearen diseinu berriari forma emango dioten zeharkako proiektuen hasiera

2021eko ekainean, Fadurako futbol-zelaiko klub-etxearen eraikinaren balio arkitektonikoa ebaluatzeko azterketa bat egin zen, aurretiazko eta ezinbesteko urratsa egungo futbol-zelaia ordezkatuko duen udal-estadiorako etorkizuneko obra-proiektu batean aurrera egiteko.

2021eko amaiera aldera, parte hartzeko prozesu bat abian jarri zen, Fadurako kirol-parkean bizikletak eta patineteak aparkatzeko irtenbideak proposatzearren.

2022ko urtarrila, berriz, seinale-proiektu batekin hasi genuen, kirol-parke osoan denontzako jarraibide batzuk izate aldera espazioak erabiltzeko ikusmen-adierazpen batzuk ezartzerakoan. Proiektuak aniztasun kognitiboarekin eta funtzionalarekin loturiko alderdiak ez ezik, generoaren inguruko identitateekin zerikusia duten gaiak ere izan behar ditu kontuan.

Denboraldi horretan, Fadurako kirol-parkearen antolamenduan kontuan hartu beharreko jarraibideak eta oinarrizko alderdiak definitzeko proiektu bat ere aktibatu zen, paisaiaren,
estetikaren eta espazioaren pertzepzioaren ikuspegitik.

2022ko maiatzean, ekonomia zirkularraren parametroen arabera egindako lehen altzariak jarri dira Fadurako eraikin nagusiko bigarren solairuko ikasketa-eremuan. Altzari horiek pandemian zehar garatutako prozesu parte-hartzailearen bidez diseinatu dira, osasun- eta segurtasun-mailako berme guztiekin. Lehen urratsa da, eta, ondoren, beste batzuk etorriko dira, ekonomia zirkularraren logikak thinking Faduran garatutako ekintza eta proiektuetan sartzeko.

2021 Mar

Garagardotegiaren proiektua, frontoien egitura sendotzea eta atletismoko pista estalita eta harmailetarako herritar laborategia

2021. urtearen hasieran, urte horretan egin beharreko proiektuen eta jarduketen taula eguneratu zen, pandemiaren testuingurura egokituz.

Hilabeteak itxaron ondoren, Uraren Euskal Agentziaren (URA) oniritzia lortu zen erabilera anitzeko eraikin eta gune soziala berriaren obra-proiektuaren esleipenarekin aurrera egiteko. Proiektu hori garagardotegi zaharraren ordez eraikiko da, eta obrak 2022. urteko azken hiruhilekorako hastea aurreikusita daude.

Frontoien egitura indartzeko proiektua lizitatu da. Proiektu hori beharrezkoa da hurrengo berrikuntza-faseari ekiteko eta 2018ko parte-hartze prozesuan jasotako kirol-beharrei erantzuteko.

Martxoa eta apirila bitartean herritarren laborategi bat egiten da, estalitako atletismo zuzengunearen eraikin berriaren eta harmaila eta aldagelen eraikinaren erabilerak eta beharrak inplikatutako agenteekin kontrastatzeko. Lortutako emaitzak obra-proiektuak gauzatzeko lizitazio-pleguetan jasotzen dira.

2020 Uzt

Covid-19, OGP eta altzariak diseinatzeko partaidetza-prozesua

Covid-19aren etorrerak proiektuen plangintza aldatzera behartzen du; 2020ko martxotik uztailera arte, thinking Fadura barne gaietan aurrera egiten saiatzen da. Hala, lehentasun-lan metodologikoa eta herritarren parte-hartzearen eraginaren ebaluazioa, Administrazio Publikoaren barne-egituraren ikuspegitik, Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzak (OGPk) eta Eusko Jaurlaritzak hautatu zuten, bi erakunde horiek euskal eremuan jardunbide egoki gisa hautatutako 4 proiektuetako bat izateko.

Era berean, Fadurako eraikin zentralaren azterketa-guneko altzariak diseinatzeko partaidetza-prozesua berriz hasi eta amaitzen da, ekonomia zirkularreko irizpideei jarraikiz.

2019 Abe

Proiektuen sustapena

Fase honetan, jarraitu egingo da kirol-parke berriaren aurreproiektuan deskribatutako jarduketak gauzatzeko proiektuak sustatzen, baita ere parte-hartze prozesuan atzeman diren kudeaketari eta gobernantzari buruzko gaiak.

2019 Uzt

Proiektuen definizioa eta lehenestea

2019an hasitako hirugarren fase honetan proiektuak definitzeari ekin zaio, jasotako proposamenak gauzatzeko helburuz. Horrez gainera, Proiektuak Lehenesteko metodologia garatu da; horrek aukera emango du proiektuak zein hurrenkeratan gauzatuko diren egunez egunez ezartzeko, hainbat aldagairen arabera: proiektuen jatorria eta haien helburua, jasangarritasuna eta bideragarritasuna.

2018 Abu

Parte-hartze bidezko diseinua: Proposamenen zehaztapena

Beharrizanak eta aukerak ezagutu ostean, ideiak proposatzeko tartea zabaldu zen. Fase honen emaitzaz ia 1.900 ekarpen  jaso ziren, zeinetatik 218 jarduketa-proposamen atera ziren: 110 esku-hartze fisiko, gobernantzari lotutako 43 ekarpen eta parkearen kudeaketari buruzko 65.