3. fasea. Proiektuen sustapena

Bi esku-hartze berri izango dira Fadurako kirol-parkea berriz diseinatzeko

Kirol-parkea eta bertako instalazioak berriz diseinatzeko thinking Fadura prozesu parte-hartzailean, bi esku-hartze egin beharra zeudela ikusi zen atletismoko eremuan, belodromoan eta errugbikoan: alde batetik, harmailen eraikuntza handitu eta birgaitzea eta, bestetik, eraikin berria eraikitzea atletismoko entrenamenduetarako zuzen estali bat izateko.

Parte hartzeko prozesuan jada egindako lana kontuan hartuta, Getxo Kirolak bi aldiz bildu berri da parkearen eremu horrekin era batera edo bestera lotura duten pertsona, klub eta erakundeekin. Lan-saio horien helburua izan da obra-proiektuaren lizitazio-pleguek bi esku-hartze horiei ekiteko bete behar dituzten baldintzak xehetasun handiagoarekin egiaztatzea, parkea antolatzeko aurreproiektuan jasotako informazioan nahiz thinking Faduraren Idazkaritza Teknikoak irekita izan duen entzute-sistemaren bidez jasotakoan oinarrituta.

Bi topaketak telematikoki egin dira eskatutako osasun- eta segurtasun-arauak betetzeko, eta horietan 43 pertsonak hartu dute parte, adimen kolektiboa emanaz, jada aurreikusitako erabilerak errepasatzeko eta erabilera horiek espazio egokienean kokatzeko, gutxi gorabehera. Lankidetza-lan horren emaitzari esker, atletismoa, belodromoa eta errugbia erabiltzen dituzten agenteen beharrei egokiago erantzuten dieten ñabardurak sartu ahal izan dira.

Harmailak handitzeko eta birgaitzeko jarduerari dagokionean, egiaztapen-lan horrek eraikinaren obra-proiektuan kontuan izan beharreko gaiei gehiago erreparatzen lagundu du; hots, kirolarientzako espazioak, gune bereziak eta ikusleentzako espazioak.

  • Kirolarientzako espazioak: sarrerako atondoak, botikin-gunea, komunak, banako eta taldeko aldagelak, biltegiak, muskulazio-gela, masaje-gela, krioterapia-gunea, garbitegia eta foto
    finish.
  • Gune bereziak: mantentze-lanetarako eta garbiketa-materiala gordetzeko biltegiak, instalazio-gelak edo atletismoko epaileentzako gelak eta erabilera anitzeko guneak. Kanpoaldean:
    informazio-gunea eta sarbideak, komun publikoak edo bizikletentzako aparkalekuak.
  • Ikusleentzako espazioak: harmailak prentsa-gunearekin eta komun publikoekin.

Atletismoko zuzen estaliari dagokionean, obra-proiektuan kontuan izan beharreko gaiak hauek dira: kirol-espazioak, gune bereziak eta kirolarientzako laguntza-espazioak.

  • Kirol-espazioak: 60 m-ko 6 kaleko zuzengunea, altuera-jauzia, luzera-jauzia edo pisua jaurtitzeko eremuaren aukera aztertzea.
  • Gune bereziak: garbiketa-materiala gordetzeko biltegia eta instalazio-gela. Kanpoaldean: sarreren kontrola eta bizikleten aparkalekua.
  • Kirolarientzako laguntza-espazioak: sarrerako atondoa, botikin-gunea, komunak eta biltegia.

Zein da obrak hasteko prozesua?

Eremu horretan bi fasetan egingo dira esku-hartzeak. Lehenik eta behin, harmailak handitu eta birgaituko dira, eta, ondoren, atletismoko zuzen berria eraikiko da.
Informazio gisa, argitu behar da obrak hasi ahal izan baino lehen, proiektu bakoitzak ondorengo mugarriak bete beharko dituela:

  1. Bi saio horietan egindako egiaztatzea aintzat hartuta, obra-proiektua egiteko pleguak idatziko dira.
  2. Behin proiektuaren exekuzioa lizitatuta, enpresa lizitatzaileak oinarrizko proiektua idatziko du, eta berriro eragileekin kontrastatuko da, planoan eta neurri zehatzetan egiaztatzeko
    planteatutako premiak eta erabilerak ondo islatuta geratu direla proiektuan. Kontraste horren ondoren, egikaritze-proiektua idatziko da.
  3. Proiektua idatzi eta gero, obra lizitatzeko prozesua abian jarriko da, eta, ondoren, obrak hasiko dira.
  4. Une horretatik aurrera, espazio ezberdinen sarrera- eta erabilera-arauak ezarriko dira.

Parke hau Getxoko herritarrekin batera eraikiko da. Kirol-erakundeen, erakunde kulturalen eta Getxoko pertsona abonatuen lankidetza funtsezkoa da Faduraren etorkizunerako. Aurrera
jarraitzen dugu!

BEHARREN PROGRAMA DESKARGATU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude